
- > Castellano
Izena: Inger Martinez de Arenaza
Adina: 39 urte
Zein diziplina zientifiko lantzen duzu? Kimika Zientzietan lizentziaduna naiz (Kimika-Fisika espezialitatean) eta doktorea Materialen Ingeniaritzan .
Zertan egiten duzu lan / zer ikertzen duzu? Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean irakaslea eta ikertzailea naiz, eta, zehazki, kimika eta materialen ingeniaritza arloetako ikasgaiak ematen ditut. Horrez gain, Applied Mechanics taldeko ikertzailea naiz eta talde horretan hainbat ikerketa-proiektutan ari naiz lanean.
Nire ikerketa-arloa material polimeriko berriak garatzera egon da bideratuta, ondoren horiek medikuntzaren arloan ezartzeko. Biomaterialak gero eta gehiago erabiltzen ditugu medikuntzan; horregatik, funtsezkoa da propietate asko izatea hainbat aplikazio terapeutikotan erabili ahal izateko, besteak beste, inplanteetan, hezurrak finkatzeko torlojuetan, medikamentuaren askatze kontrolatutako gailuetan, lotailuak batzeko pasatzaileetan eta abarretan.
Zertarako balio du egiten duzunak? Azken urteotan, hondakin polimeriko sintetikoek kalte handiak sortu dituzte ingurumenean, ikaragarri handitu delako horien ehunekoa osotarako hondakin solidoen artean. Horregatik, ikerketak polimero biodegradagarrietara zuzendu ditugu. Izan ere, material horiek, tenperaturaren, uraren, eguzkiaren erradiazioaren edo mikroorganismoen ondorioz degradatu egiten dira eta aldaketa izaten dute euren egitura kimikoan. Ondorioz, eta horri esker, ingurumenarekin bateragarriak diren elementu bihurtzen dira.
Medikuntzaren arloan, biomaterialak oso garrantzitsuak dira, sistema biologikoetan ehun bizidunen funtzioa errepikatzen dutelako, eta propietate mekaniko, funtzional eta fisiologiko onargarriak dituztela frogatu delako. Era berean, aipatzekoa da biopolimero batzuek gorputzaren barnean daudenean biodegradatzeko gaitasuna dutela. Horrenbestez, duten funtzioa bete ondoren ezabatu eta degradatzen diren materialak erabili ditzakegu, beste bigarren ebakuntza bat egiteko beharrik gabe, hausturak egonkortzeko ezarritako metalezko plaka edo torlojuak kentzeko egin behar ziren ebakuntzen kasuan gertatzen zen moduan.
Zure ustez, zergatik da garrantzitsua zientzia? Zientziari esker dugu gaur egun dugun mundua. Denbora luzeagoz eta hobeto bizi gaitezke, hainbat gaixotasun sendatu edo horien sintomak arintzen dituzten medikamentuak ditugu, elikagai seguruak har ditzakegu, energia lor dezakegu sakagailu bati emanda, azkar eta modu seguruan bidaiatu dezakegu, beste lekuekiko komunikazioak berehalakoak dira… Azken finean, zientziak giza ezagutza aberastu du eta gizarte gisa gaur egun garena izatera iristen lagundu digu.
Nola animatuko zenituzke belaunaldi berriak? Zientzia gaur egun modan dago. Pandemiaren ondorioz, guztiok duela urtebete ezagutzen ez genituen gaiei buruzko informazioa bilatu dugu; kutsatzeen kurbaren handitzea/jaitsiera aurreikusteko modelo matematikoei buruz hitz egiten dugu, COVID-19aren txertoren batean RNA mezulariak nola funtzionatzen duen ikasi dugu, badakigu zein azalera diren birusen aurkakoak, osasun eta higienerako material berriak ezagutu ditugu… Orokorrean, diziplina honek zuen ospe negatiboa ezabatu dugu.
Zientzietako graduak (matematika, fisika, kimika) urte askotan ez dira batere erakargarriak izan ikasleentzat eta ez da egon eredu positiborik, ezta aukera hori bokazioz hautatzen zutenentzako unibertsitate-orientazio egokirik ere. Edonola ere, egoera latz honek alde positiboa du: informazio zientifikoa eskuragarriago dago, eta, horregatik uste dut oso aukera ona izan daitekeela datozen belaunaldien interesa eta gogoa handitzeko. Gainera, hezkuntza goiztiarrean zientziaren hainbat alorretako adituak aurrez aurre izatean, kontzeptuak euren benetako testuinguruan ezar daitezke, eta, halatan, etorkizunean zientzialari izan daitezkeenen zientzia eta teknologiarekiko interesa piztu.