
- > Castellano
Izena: Iratxe Etxebarria Sainz-Ezkerra
Adina: 41
Zer diziplina zientifiko lantzen duzu? Profesionalki teknologian egiten dut lan, eta, zehazki, Telekomunikazioko Ingeniaritza ikasi nuen. STEAM (Science, Technology, Engineering, Art eta Mathematics) diziplina-taldearen barnean, teknologia da emakume kopuru gutxien duten arloetako bat. Lanetik kanpo, zientzia zaletasun gisa ere gustatzen zait, eta Betelgeuse Enkarterriko Astronomia Elkarteko kide naiz. Horri esker, Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioko (FAAE) Emakumeen Batzordearen partaide naiz; bertan, elkarte guztietako kide garen emakume astronomia-zale guztiok gure jarduerak, kezkak, esperientziak, eta abar eztabaidatu eta kontatu ditzakegu.
Zertan egiten duzu lan/zer ikertzen duzu? Software-konpainia batean egiten dut lan. Nire lan-arloa Maximum Availability Achitecture (MAA) da, hau da, erabilgarritasun maximoko arkitekturak. Sistema informatikoak diseinatzen ditut edozein hondamendiren aurrean horiek bizirik irauteko.
Zertarako balio du egiten duzunak? Nire lanari esker, konpainia baten zerbitzariak (ordenagailu handiak) dauden eremuan lurrikara bat, uholde bat, itzalaldi bat edo giza akats bat gertatzen bada eta zerbitzariek ezin badute funtzionatu, horien antzeko batzuk abiatuko dira munduko beste eremu batean. Horrela, zerbitzua ahalik eta azkarren ematen jarraitu ahal izango du konpainiak.
Hori oso garrantzitsua da zerbitzu kritikoetarako, besteak beste, ospitaleen, lehen mailako arretaren edo bankuen funtzionamendua kudeatzen duten aplikazioetarako, supermerkatu-kate baten sistema logistikorako, 112 edo antzeko larrialdi-zerbitzuen sistemetarako, aireportu baten kudeaketa-sistemarako, eta beste kasu askotarako.
Zure ustez, zergatik da garrantzitsua zientzia? Zientzia dugun guztia delako. Batzuetan pentsatzen dugu zientzia soilik aurkikuntza handiak eta gauza berritzaileenak direla. Baina egunerokoan dugu zientzia, gure bizitzako edozein momentu eta objektutan, gu konturatzen ez bagara ere. Elikatzeko behar dugu, bidaiatzeko, sendatzeko, lan egiteko, gozatzeko. Zientziarik gabe, ez legoke ibilgailurik, ez libururik, ez mugikorrik, ez zinemarik, ez telebistarik, ez musikarik, ez ospitalerik… Covid-19aren pandemiaren ostean, ez litzateke zientziaren garrantziaren inguruko inongo zalantzarik izan beharko. Zientziak mundua eraiki eta mugitzen du. Mundua askotarikoa da, eta, horregatik, zientzia gizon eta emakumeek osatu behar dute, aniztasuna agerian egoteko.
Nola animatuko zenituzke belaunaldi berriak? Ikusgai jarri behar dugu oso atsegina dela ikertzea eta munduak nola funtzionatzen duen ulertzea. Zientziaren estereotipoak desagerrarazi behar ditugu, batez ere zientzia eta zientzialari tipikoa lotzen dituen estereotipoa (gehienetan gizona, betaurrekoekin eta probetarekin, laborategitik irteten ez dena). Gainera, neskatoentzat zehazki, emakume normalak ikusi ditzaten, bizitza normal batekin, zientzian eta teknologian lan egiten dugunak, zientzia gustuko dugunak eta horrekin gozatzen dugunak. Ez da gizonen mundu bat, egun arlo askotan alde handia dago, eta horietan batez ere anitzagoa izatea behar dugu. Ez dugu inor behartu edo baldintzatu nahi, bakoitzak nahi duenean egin behar du lan, nola ez. Baina zientzia eta teknologia gustatzen bazaie, ez dutela alde batera utzi pentsatzen dutelako ez dela haientzako mundua.
Gaur egun, STEAM graduetara neskatoak motibatzera bideratutako jarduera eta programa asko daude. Ni, zehazki, neskatoak motibatzeko programa baten mentorea naiz (Inspira STEAM). Deustuko Unibertsitatearen ekimen bat da, neskatoek bokazio zientifiko-teknologikoa izatea sustatzeko. Lehen hezkuntzako 6. mailako haurrekin egiten dugu lan. Aurten, hirugarren urtez hartuko dut parte mentore gisa, Balmasedako Mendia ikastolarekin, eta, nire ustez, oso esperientzia atsegina da.