
- > Castellano
Martxoaren 1ean “Laboratorio de Comercios” proiektua aurkeztu zen Balmasedako Kultur Etxean. Proiektu horren helburua da hiribilduan bost saltoki berri ireki daitezela sustatzea, hutsik dauden lokalak egokituz, udalerriko merkataritza-dentsitatea areagotu dadin. Horrenbestez, ekintzaile guztiei zuzendutako ekimen berritzaile bat da, enplegua sustatzea xede duena.
Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muelak, lehenik eta behin, 2018an merkataritza-ekintzailetza sustatzeko asmoz autonomo, enpresa eta udalerriei emandako laguntzen deialdiaren emaitzak aurkeztu ditu. Besteak beste, nabarmendu du laguntzen % 50 emakumeentzat direla. Horrez gain, azpimarratu nahi izan du proiektu honek berrikuntzaren aldeko apustua egiten duela; izan ere, hiri-inguruneen iraunkortasunerako ekimen bat da, zeinaren helburu nagusia baita merkataritza dinamizatzeko tresna berriak bilatzea. Muelaren ustez, merkataritzak krisialdiaren eragina jasan badu ere, Balmasedaren etorkizuna oparoa izango da merkataritzari eta turismoari dagokienez.
Balmasedako alkate Álvaro Parrok, tokiko agintarien ordezkari gisa, eta hiribilduko Gizarte Ekintza, Enplegu eta Dinamizazio Ekonomikoaren zinegotzi Isaac Fernández Bergesek balioa eman diote hurbileko merkataritzaren rol sozialari.
Hauek dira proiektu honen helburuak:
- Tokiko merkataritza suspertzea, lelo hau oinarri hartuta: “merkataritzak merkataritza sortzen du”.
- Merkatu tradizionalean aurrera ateratzeko zailtasunak dituzten merkataritza-lokalei balioa ematea.
- Balmasedako hirigune historikoko kale nagusiek osatzen duten merkataritza-gune irekiaren irudia hobetzea.
- Merkataritzaren sektoreko ekintzaileak erakartzea udalerrira.
- Langabezia-tasa murriztea.
- Merkataritza-dentsitatea areagotzea.
- Gaur egun hiribilduan ordezkaritza gutxi edo batere ez duten sektoreetako jarduerak gauzatzen dituzten saltoki berriak erakartzea, egungo merkataritza-aukera hobetzeko eta, hartara, Balmasedako herritarrek galdeketa-fasean adierazitako beharrei erantzuteko.
- Balmasedak kanpoan duen irudia sustatzea, merkataritza berritzaileari, kalitatezkoari eta bezeroarekiko hurbilekoari lotuta.
Hauek dira gauzatuko diren ekintzak eta proiektuaren faseak:
- Merkataritza-lokal hutsen errolda egitea. Proiektuaren eskakizunekin bat datozen merkataritza-lokalak bilatzea. Programan parte hartzeko prest dauden jabeak erakartzea. Fase hau Balmasedako Udaleko teknikariak ari dira gauzatzen.
- Proiektuaren merkataritza-bideragarritasuna aztertzea: egungo merkataritza-eskaintza analizatzea eta egungo negozioen osagarri diren beste negozio batzuk edo merkatu-hobi berriak bilatzea. Horretarako, Deustuko Unibertsitatearekin harremanetan jarri da Udala, proiektuan parte har dezala eskatzeko, azterketaren edukia eta martxan jartzeko prozesua diseinatuz.
Prentsaurreko baten bidez proiektua aurkeztu ondoren, bisita gidatua egin da Horkasitas jauregian, Enkarterriko altxor arkeologiko eta historikoetako batean. Gaur egun, eraikina egokitzen ari dira denboraldi batez jarduera soziokulturalak eta merkataritza-jarduerak egiteko. Bisitan izan dira Merkataritza zuzendari Juan Emilio Andrades García, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muela, Balmasedako alkate Álvaro Parro eta Gizarte Ekintza, Enplegu eta Dinamizazio Ekonomikoaren zinegotzi Isaac Fernández Berges.
Egitasmo honetan parte hartu nahi baduzu hona hemen kontaktua: 946801102 (Mirenla).
(Prentsaurrekoaren bideo osoa goian ikus daiteke).