
- > Castellano
Aspaldi ez genituela horrelako Karmen beroak bizitzen, baina, hala ere, balmasedar asko kalera ateratzera animatu ziren jaietarako proposatutako jardueretan parte hartzeko.
Astea Futbito Txapelketarekin hasi genuen, eta parte-hartze itzela izan zuen. Mendia HLHIko instalazioak zalez eta dibertsioz bete ziren arratsaldeetan, eta oroimenean geratuko zaizkigun gol zoragarriak ikusteko aukera izan genuen. Talde irabazlea Txoko Jalapeños izan zen, eta horren ostean Real Suciedad eta El Maestrinho. Aitor Sainz denboraldiko pitxitxia izan zen eta Asier Rodríguez jokalaririk onena. Ezin dugu ahaztu kiroltasun handien izan zuen taldea: Los Bananeros.


Aurtengo Bizkaiko Itzulia bereziki gogorra izan zen; aurten Karmengo jaietan hasi eta amaitu zen. Txirrindularitzako proba hau Europako garrantzitsuenetarikoa da bere kategorian, eta ezagunak izan nahi duten gaztez betetako gure kaleak alaitu zituen ostiral eta larunbatean. Beroaren ondorioz, azkenengo etaparen ibilbidea 67,3 km-ra laburtu behar izan zen. Thomas William Smith, Zappi Junior Race Team-eko txirrindularia, horiz jantzi zen, eta podiumean berarekin batera egon ziren Estanislao Calabuig, Bathco Cycling Team taldeko txirrindularia (lehenengoak 2 segundo baino ez zizkion atera), eta Markel Beloki, MMR Cycling Academy taldekoa.


Txalupa Jaitsiera oso jarduera maitea da, eta erakutsi zigun beroaren aurka ez dagoela uretan sartzea baino gauza hoberik. 100 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena txapelketan, eta 25 txalupek oso momentu dibertigarriak oparitu zizkiguten. Originalena Kadaguako Pizzagua izan zen, animatuena Los Barquetas eta beteena Balma Minibasket.






Frontenis Txapelketak eta pilotako partiduek ere erakutsi ziguten jaia eta kirola beti dela konbinazio ona.


Musikak ere, noski, toki berezia izan zuen. Nabarmentzekoa da Dj Panik San Severino plaza bete zuela ostiralean. Gustu guztietarako musika egon da, hala nola 3Blue Band-en boleroak, Confluence-en blues eta folky soinua eta Zirkinik Bez-en erromeria.
Eta zer izango litzateke jaia janaririk gabe? Marmitako‑ eta patata tortilla‑txapelketa gastronomikoek larunbat goiza animatu zuten, eta Putxerako Elkarteak gure herribilduko plater tipiko, baina ez horren ezaguna, dastatzera gonbidatu gintuen: patatak antxoekin. Batzuk marmitakoa eltzean prestatzera animatu ziren, datorren urriko 23rako praktikatzeko, zalantzarik gabe. María San Cristobal Rodríguez, Mari Carmen Álava eta Izaro Moreno patata tortilla‑lehiaketako txapeldunak izan ziren eta Eneko Beraza, Jokin De Francisco Elorza eta Izaskun Aurrekoetxea Arévalo marmitako‑txapelketakoak.





Txikiek ere ondo baino hobeto pasa zuten tailerretan, puzgarrietan eta aparraren jai paregabean. Horien argazki batzuk erakutsiko dizkizuegu.
Eskerrak eman nahi dizkiegu Jai Batzordeari, antolaketan lagundu duten pertsona guztiei eta gure kaleak animatuz jaietan parte hartu duten guztiei. San Severinon ikusiko dugu elkar.
