
- > Castellano
Bizi-kalitatearen aldeko udalerrien sareak, Cittaslow izenekoak, zeinaren parte baita Balmaseda, zenbait ekintza aurkeztu zituen ekainean egin zen Nazioarteko Batzarrean. Cittaslow Internationaleko presidente Stefano Pisaniren arabera, “gure eredua mundu-mailan sustatzeko aukera eta ardura daukagu, mundua hurrengo belaunaldientzat babesteko”. Bizi-kalitatearen aldeko udalerrien sareak hiri-patroi lasaia defendatzen du, non esperientzia ugari modu sosegatuan bizi ahal diren, natura- eta ondare-inguru paregabe batean.

Palacio de Popolo / Popoloko Jauregia
30 herrialdetako ordezkariak elkartu ziren Pallazo del Popolo jauregian, Orvieton (Italia). Emandako hitzaldiak eta ekintza-planak turismo-, ondare-, nekazaritza- eta enpresa-sektoreetan oinarritu ziren. Horrela, honako proiektu hauek aurkeztu ziren: museoak eta biosfera mantentzeari buruzkoa, nekazaritza ekologikoari buruzkoa, Cittaslow balioei buruzkoa eta degradazio biologikoaren aurka borrokatzeko, kontsumoa murrizteko eta ur edangarria berreskuratzeko plan bat.
Bestalde, turismo-eredu arduratsua eta kalitatezkoa aurkeztu zen, baita balioetan oinarritutako enpresak sortu eta kudeatzeko beste eredu bat ere. Dokumentalista zientifiko izan den Susana Talamo idazle italiarrak hitzaldi bat eman zuen sarea osatzen duten udalerrien artean partekatzeak eta harreman ona egoteak duen garrantziari buruz. Ingurumen Babeserako eta Azterketarako Goi Mailako Institutuaren arduradun Silvia Brinik hitzaldi bat eman zuen hirien jasangarritasunerako bidea zein den azaltzeko.
Batzarrean Europarc-ekin (Europako Naturaren eta Parke Naturalen Federazioa) hitzarmen bat sinatu zen, 2030 Agendaren esparruan jasangarritasuna sustatzeko.
Sarearen urteko emaitzak aurkeztu ostean (aurten bere 22. urteurrena da), 22 herrialdek, hala nola Espainia, Estatu Batuak, Australia edo Taiwanek, beren ekintza-planak aurkeztu zituzten. Bukatzeko, produktu gastronomikoen azoka bat eta tokiko artisautzaren merkatu bat egon ziren.
Slow filosofia
Estresa, presa, jende-pilaketak, ilarak, zarata, asfaltoa eta halakoen aurrean, Slow hiriak agertu dira. Beren abiadura murrizten dute, eta, horrela, uztartu egiten dira bizi-kalitatea eta tradizioenganako maitasuna, identitate eta historia eta erosotasun eta modernotasuna, betiere hurrengo belaunaldietan pentsatuz.
Gaur egun, mugimendu hori munduko 30 herrialdetako 252 hiritan dago martxan (Alemania, Frantzia, Norvegia, Espainia, Australia, Turkia, Txina, Hego Korea eta Estatu Batuak, besteak beste).

Orvieto, Italia
Espainiar estatuko Cittaslow sarea 2003an sortzen hasi zen, Palafrugell-eko ekimen baten bidez. 2008an, Mungia, Lekeitio, Rubielos de Mora, Begur eta Pals udalerriek Slow ziurtagiri ofiziala lortu zuten. Beranduago, Begues, Morella eta Balmaseda batu ziren, eta duela urtebetetik, Granadako Alpujarrako Bubión herria eta Tenerifeko Villa de Orotava ere kide dira.
Bizi-kalitatearen aldeko udalerrien sarearen teknikari arduradun Albert Costaren aipu batekin bukatu nahiko genuke, honako hau diona: “aldaketa klimatikoak, krisi ekonomikoek eta elkarren kopia ematen duten hiriak sortzen dituen globalizazioak dakartzaten erronken aurrean, bizi-kalitatearen aldeko udalerrien Cittaslow elkartean jasangarritasunaren eta inklusibitatearen alde egiten dugu, eta berezitasuna eta gauza xumeetatik bizitzea baloratzen dugu.