
- > Castellano
Ondare Industrialaren Europako Elkarteak (OIEE) La Encartada bere ibilbide kulturalera gehitu du.
La Encartada Fabrika-Museoak duela gutxi jaso du ondare industrialaren erreferentea dela esaten duen “Anchor Point” izendapena. Izendapen honek lekuak duen garrantzi historikoa azpimarratu nahi du, erakarpen turistikoa duen puntu gisa jotzeaz gain.
Asko izan dira sare kontinental honen parte izateko faktoreak, industriak utzi digun herentziaren potentzial turistikoa sustatzen duen sarea. Ondo kontserbatutako makinen bilduma nabarmentzen da: makina ingelesak dira gehien bat, XIX. mende amaierakoak eta XX. mende hasierakoak. Irudia eta hornidura teknologikoa ia ukitu gabe daude eta ekoizpen-prozesuaren elementu guztiei eutsi zaie, lehengaia hartzen den unetik paketea egin eta bidaltzeko prozesura arte.
Hala ere, La Encartada askoz gehiago da. Fabrikaren bitxitasunak bizia honen inguruan eratu zuen langile-kolonia batez hitz egiten digu. Horren erakusle dira beharginentzako eraikitako etxeak, batzuetan eskola-papera ere betetzen zuen kapera, aisialdian landu zitezkeen ortuak edota egun desagertuta dagoen zuzendariaren etxea.
La Encartada SA 1892an sortu zen eta zehazki mende betean egon zen aktibo. Kapitala Mexikon aberastu ziren bost indianok jarri zuten, horietako hiru Balmasedakoak ziren. Fabrikak artilea landu zuen gehien bat txapelak egiteko, baina makina horiek mantak, oihalak, eskularruak, bufandak, biserak, buru-berokiak, matazak eta harilkoak ere ekoiztu zituzten. 2017an, eraikina museo izatera pasa zen eta OIEEk oso positiboa iritzi zion eraldaketari.
La Encartadak eskaintzen duen jarduera-kopurua ere “Anchor Point” bihurtzeko indargune izan da. Hiru ardatzetan eusten da eskaintzen duen programa zabala: industria, genero-ikuspegia eta moda. Bisita gidatuez, familiei eta ikasleei zuzendutako tailerrez eta zenbait makinen funtzionamenduaren erakustaldiez gain (igandero berpizten den Jacquard ehungailu alemana, adibidez), antzerki-forman egindako bisitak ere badaude, bi sexuen arteko lana nola banatzen zen edota fabrikako egun bat nolakoa zen erakusten digutenak, bi adibide jartzearren. Modari dagokionez, urtero moda eta tradizio garaikidearen topaketak egiten dira. Publikoak desfileez, tailerrez, performace-ez, musikaz, showroom-ez… goza dezake, baita diseinatzaile berriez ere. Modaren jai handi bat, mundu honetan jada erreferentzia-puntu dena. <0}
Berebat, aipatzekoa da eskaintzen dituen zerbitzu gehigarriak, ekitaldiak ospatzeko eta aldi baterako erakusketak egiteko. Lorategiz hornitutako inguru lasaia eta eraikin nagusiak berrikuntza etengabean dagoen eskaintza osatzen dute; nagusiak fabrika bisitatzera etortzen zirenean zeuden gelak bere horretan gorde dira.
Museoak jarduera onen adibide gisara jaso duen aitortzaren ostean, azken izendapen honek gogorarazten digu industria-munduan harribitxia dela Balmasedak El Peñueco auzoan duena, eta merezi duela bisitan etorri eta bertatik bertara ezagutzea.