
- > Castellano
Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu; hala erabaki zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1977ko abenduaren 16an, emakumeen kontrako edozein motatako diskriminazioa ezabatzeko, haien ahalduntzea sustatzeko eta gizartean erabateko parte hartzea dutela bermatzeko.
25 urte pasa dira nazioarteko erabakia Beijingen hartu zenetik. Horren helburua zen erabakiak hartzean gizonen eta emakumeen partaidetza politikoa eta boterearen banaketa orekatua lortzea. Aurrerapenak egin diren arren, munduko herrialde gehienetan ez da genero berdintasuna lortu, eta oso gutxitan ezarri edo bete dira sexuen arteko parekidetasuna lortzeko asmo handiko helburuak.
Egindako aurrerapenak nabarmenak diren arren, azken urteotako krisien ondorioz, desparekotasun‑arrakala areagotu egin da oro har, eta horrek atzerapauso handia dakar emakumeen egoerari dagokionez.
Erakundeak eta gizartea askoz inklusiboago, kooperatiboago eta sortzaileagoak diren harreman‑ereduetarantz eraldatzeko garaia iritsi da<0} Sektore anitzeko lankidetzako gobernantza‑eredu feministaren alde egin behar da, entzutean oinarrituko dena eta prozesu parte‑hartzaileak abian jarri eta botere eta ardurak banatuko dituena.
Martxoaren 8 honetan, Emakumeen Nazioarteko Egunean, lehentasunezkoa da emakumeen lidergoak sustatzea gobernantza‑eredu feministaren eta lidergo partekatuaren eredu batetik abiatuta. Era berean, berdintasun arloan erabakiak hartzean, emakumeen parte-hartzea areagotzeko baldintzak sortzearen alde lan egin behar da. Emakumeen parte-hartzea ikuspegi askoz ere zabalago batetik ulertu behar da, ez bakarrik ikuspegi formal edo arauemailetik. Emakumeek erabakiguneetan parte hartzeko dituzten baldintzak aldatu behar ditugu.
Estamentu publiko zein pribatu guztietan emakumeen ahalduntzea eta partaidetza sustatuko duten politikak indartzean datza, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiteko martxoaren 3ko 1/2022 Legean ezarritakoarekin bat.

Udal Osoko Bilkura VIII. “Emakumeak Aurrera” Herri-Lasterketaren kamisetarekin. / Pleno Municipal con la camiseta de la VIII Carrera Popular “Emakumeak Aurrera”.
Horregatik guztiagatik, Balmasedako Udalekook, eta gure eskumenen esparruan, konpromiso hauek hartuko ditugu:
- Balmasedako Emakumeen Etxea berrantolatzeko eta birformulatzeko prozesu parte‑hartzaileei hasiera ematea, momentu honetako eredua udalerriko beharretara eta Balmasedako emakumeen errealitate sozialera egokitzeko.
- Abian dauden programak indartzea eta/edo baliabide eta espazio egokiak dituen ahalduntze‑eskola sortzea baloratzea.
- Balmasedan erabakiak guztien artean hartzen direla bermatzeko sortu berri den Berdintasunerako Kontseiluan mugimendu feministaren eta emakumeen elkarteen partaidetza indartzea.
- Gure gizartea osatzen duten esparru guztietako berdintasun‑plan eta politiketan intersekzionalitatea indartzea, emakume guztien partaidetza osoa eta eraginkorra finkatzeko. Horretarako, bereziki, emakume atzerritarrak kontuan hartu nahi dira, eta sortzen ari den immigrazio‑plana erabiliko da tresna gisa.
- Adinaren eta generoaren arabera bereizitako datuak sortzea, neskato, nerabe eta emakumeen bizitzetan eragin zuzena duten politikak sortzeko, 1/2022 Legeak adierazitakoarekin bat. Hortaz, Udalak nolabait finantzatutako jarduera guztietako memorietan, generoaren arabera bereizitako datuak emateaz gain, genero‑ikuspegiarekin interpretatu beharko dira. Udalaren ekintza estrategiko guztietan genero ikuspegia izan beharko da.
- Zaintzen antolakuntza sozialaren ereduari buruzko eztabaida sustatzea, zaintzak ematen eta jasotzen diren baldintzak duin bihurtzeko ekintzak aintzat hartuta. Lan hori dagoeneko existitzen diren udal‑esparruko organoen bidez egingo da, edo, beharrezkoa bada, arazo horretan zentratutako espazio zehatza abiaraziko da.
- Komunikazio‑kanpainak egitea zaintza‑lanen balio sozial eta politikoa aitortzeko, eta bereziki garrantzia ematea erantzunkidetasunari eta ikusgarritasuna ematea etxeko langileen errealitateari.
- Politikan sartzen diren Balmasedako emakumeentzako ikasketa‑ eta ahalduntze‑espazioak sortzea eta ordezkaritza orekatuago baten aldeko aurrerapenak bultzatzea.
- Azkenik, Balmasedako herritarrak emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde norbanako konpromisoak eta kolektiboak hartzera gonbidatu nahi ditugu, bai eta martxoaren 8a dela-eta instituzioek eta mugimendu feministak deitutako ekitaldietan aktiboki parte hartzera ere.