- > Castellano
Joan den hileko Udalberriaken ikusi genuen moduan, 1961eko irailaren 20an Martín jauna hil zen Balmasedan, 90 urte zituela.
Balmasedarrek ez dituzte bere ospea eta obra ahaztuko, Kolitza abesbatzak Aste Santu guztietan bere musika interpretatzen baitu eta bere ikasle izandako María Jesús Eguíaren organo-akonpainamendu zoragarriarekin parrokia abeslarien ahotsekin eta Cavaillé Collaren sonekin betetzen baita, akustika handiak lagunduta.
1982ko urriaren 29an, zendu zenetik hogeita bat urte igaro ondoren, gure abesbatzak Martín jaunari omenaldia egin zion San Severinoko parrokian, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak lagunduta bere Miserere interpretatu zuten Urbano Ruiz Laorden zuzendariaren batutapean.

1999. urtea mota guztietako jardueraz beterik jaio zen, Balmaseda hiribildua sortu izanaren VIII. mendeurrenaren ospakizunen babesean. Hala, urte horretako urtarrilaren 9an, berriro ere Martín jaunaren Miserere interpretatu zen San Severinon. Horretarako, Kolitza abesbatza kide ohiekin indartu zen, eta 120 lagun izatera iritsi ziren (egun horretarako “Zortzigarren Mendeurrena Abesbatza” deitu zuten). Tomás Negro izan zuten zuzendari, eta Juanjo Menak zuzendutako Bilboko Orkestra Sinfonikoak lagunduta abestu zuten. Tenorea Fernando Cobo izan zen, sopranoa Izaskun Arruabarrena, baritonoa Donato Rodríguez San Miguel eta mezzosopranoa Mertxe Delgado.
Gainera, Bilboko Orkestra Sinfonikoak Martín jaunaren Balmasedako ereserkiaren instrumentu bertsioa interpretatu zuen.
Hain zerrenda bikainarekin eta VIII. mendeurrenaren ospakizuna izanda, ez da harritzekoa Tío Peteren grabaketa-estudio mugikorra bertan egoteko eskatu izana; hain zuzen, aparteko grabaketa egin zuen, Compact Disc formatuan, kontzertu zoragarri hori hilezkortuta gelditzeko.
Hala, Ereserkiaren grabaketa 2008ko azaroaren 8an egindako herri antzezpenean erabili zen, 1808ko azaroaren 8an frantsesek Balmaseda erre izanaren bigarren mendeurrena betetzeagatik sortutakoan.
2018an, CD berri bat jarri zen salgai Balmasedan, Banda Sonora de Balmaseda BSB. Kolitza abesbatzak grabatu zuen San Severinon, Julio Lanuzak zuzenduta (2013tik abesbatzaren zuzendaria). Guretzat ezinbestekoak diren hainbat abestiren artean, Martín jaunak Balmasedako Aste Santurako egindako musika jasotzen du, besteak beste.
Balmasedak aldian aldian Martín Rodríguez Seminario jaunaren musika birsortzen du. 60 urtez bizi izan zen gure hiribilduan eta musikaren alorrean egindako ekarpenak itzelezko garrantzia dauka. Artikuluaren hasieran aipatutako omenaldian, 1982an abesbatzak eskaini zionean, Udalari eskatu zitzaion kale baten izena Martin jaunari eskaintzea, baina azkenean ez zen gauzatu. Uste dut Udalbatza berri honek, urteurrenak aprobetxatuta, Balmasedan behin betiko bere izena agertu dadin lortu dezakeela.
Miguel Ángel Álvarez Fuentes
Oharra: Konpositoreak Udal Bandak Balmasedako Aste Santuan jotzeko idatzi zuen musika gaur egun ez da prozesio-desfileetan interpretatzen.