2024ko martxoaren 7ko Osoko Bilkuran, aho batez onartu da Emakumearen Egunaren Adierazpen Instituzionala, martxoaren 8koa. Hona hemen adierazpen hori:
“Oroitzapen honen historia 1908an hasi zen, ehungintzaren industrian emakumezko langileen lan-baldintzak hobetzeko borrokaren testuinguruan; sektorea, gaur egun bezala, oso feminizatuta eta prekarizatuta zegoen. Urte horretatik aurrera, New Yorken hainbat greba egin ziren. Gatazkako gertakizunik tragikoena 1911ko martxoan Triangle Shirtwast lantegian egondako sutean 100 emakume baino gehiago hil zirenean gertatu zen. 1910ean, hainbat herrialdetako emakumek, Kopenhagen bilduta, EMAKUME LANGILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA egitea adostu zuten; hala ere, urte asko igaro ziren Nazio Batuek martxoaren 8a EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA ezarri zuten arte, 1975ean.
Nahiz eta lortutako aurrerapenak garrantzitsuak izan diren, azken hamarkadetan pairatu ditugun krisiek, ekonomikoak eta sanitarioak, agerian jarri dute lorpen horiek ez zutela irauteko berme nahikorik. Genero-arrakala nabariagoa da; izan ere, emakumeek langabezia-tasa eta lanean behin-behinekotasun handiagoa dute, soldata-baldintza okerragoak dituzte, eta, gainera, beraiei egokitzen zaie etxeko eta zaintza-lanen pisu handiena, bereziki, ordainduta ez dauden eta izan beharko luketen aintzatespen soziala ez duten lanena. Laburbilduz, egiten duten lanagatik diru-sarrera txikiagoak jasotzen dituzte, eta, ondorioz, langabezia- eta erretiro-prestazio txikiagoak.
Balmasedako Udalak bi hamarkada baino gehiago daramatza berdintasunerako politika aktiboak garatzen, udal talde politikoen ahobatezko adostasunarekin. Ibilbide horrekin jarraituz, 2024ko martxo honetan BERDINTASUNERAKO V plana aurkeztuko da. Horretaz gain, EMAKUMEAREN ETXEAren 20. urteurrena ospatzen dugu; emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lan egiten duten pertsona eta kolektibo guztientzako irekita dagoen gunea da. 2004an ireki zenean, Bizkaiko Lurralde Historikoko bigarren Emakumearen Etxea izan zen. Instituzio honek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lan egin eta egiten duten pertsona eta kolektibo guztien ahalegina eta konpromisoa aitortzeko unea da. Baina aurrerapausoa emateko garaia ere bada. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako konpromiso hori indartzeko, proposamen eta aldarrikapen berriak jasoz eta emakumeentzako elkartzeko eta eztabaidatzeko guneak sustatuz eta garatuz.
Horregatik guztiagatik, Balmasedako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
Emakumeen tokiko memoria historikoa aitortu eta berreskuratzen duten proiektuak GARATZEA, lehenengo erreferenteetatik gaur egungo talde
feministetara arteko genealogia sortu ahal izateko. Izan ere, desberdinkeriak oraindik ere gure gizartean dirau, eta adin, klase, arraza, jatorri edo egoera sozial guztietako emakumeei eragiten die. Banako zein kolektibo gisa, Balmasedako emakumeak aintzatestea, gizarteari egindako ekarpena nabarmentzeko eta gizonek egindako ekarpenak bakarrik aintzat hartzea saihesteko. Balmasedako emakumeek erreferentziazko eta aitorpen sozialerako gune fisikoa izan dezaten.
BERRESTEA elkarte-ehunarekin batera lan egiteko hartutako konpromisoa, berdintasuna lortzera bideratutako politikak garatzeko, erabakiak hartzeko orduan emakumeen kolektiboen parte-hartzea sustatuz. Horren adierazle da BERDINTASUNERAKO V. PLANA; izan ere, plana egiteko prozesuan gure inguruko hainbat elkarte eta profesionalek hartu dute parte. Plan horren eta beste batzuen bidez, eta Udal honetako politika publiko guztietan zeharka berdintasuna aplikatuz, egingo dugu lan eta emakume guztien ahalduntzea eta autonomia sustatzeko mekanismoak ezartzen jarraituko dugu, gobernantza-eredu demokratiko eta parte-hartzailearen bidez.
LAGUNTZA EMATEA belaunaldien eta kulturen arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneei ezagutza eta esperientziak trukatzeko, hala nola ahalduntze feministarako eta emakumeen aliantzarako guneei. Instersekzionalitate ikuspegia erabili behar da, emakumeek pairatzen dituzten desberdinkeriak hauteman ahal izateko, generoari beste diskriminazio-aldagai batzuk gehitzen zaizkionean, hala nola sexu-orientazioa, arraza, klasea, jatorria, ahalmen funtzionala edo bestelako baldintzatzaile sozialak. EMAKUMEAREN ETXEAK 20 urte bete ditu eta emakume guztiak elkartzeko gune bideratzaile bihurtu behar da. Emakumeek beraiek kudeatutako autonomiarako eta ahalduntzerako gunea izan dadin.
AITORTZEA mugimendu feministen ekarpena eta lana; izan ere, erresistentzia egin eta erantzuna eman diote sistemari une historiko, tradizio eta eremu kultural guztietan, gizarte justua eta berdinzalea lortu ahal izateko.
Eraso matxisten aurkako erantzun publiko instituzionalerako protokoloa, jai-eremuetako eraso matxisten aurkako jarduketa-protokoloa edo udaletxean sexu-jazarpen eta jazarpen moralaren aurkako barne-protokoloa EZARTZEA, eta, gainerako ekimen guztiekin batera, herritarren eta mugimendu feministen parte-hartzearen zein Udalaren bultzada politikoaren bidez, desberdinkeria ezabatzea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.
GONBITA EGITEA herritarrei, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko banakako eta taldeko konpromisoak har ditzaten, eta martxoaren 8a dela-eta instituzioek zein Balmasedako Mugimendu Feministak sustatutako ekitaldi eta jardueretan parte har dezaten.”