
- > Castellano
COVID-19ak eragindako larrialdi-egoeraren aurrean, Balmasedako Udala osatzen duten taldeek honako hau erabaki zuten: erantzukizunez jokatzea, herritarren ongizatea edozein desberdintasun politikoren gainetik jartzea eta Balmasedan elkarrekin lan egitea.
Apirilean zehar, Balmasedako Udalbatzan ordezkaritza duten 4 talde politikook (CLI, EAJ-PNV, EH-Bildu eta PSOE-PSE) hainbat neurri sozial eta ekonomiko artikulatzeko lanean aritu dira, COVID-19aren osasun-krisiaren ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko.
COVID-19ak eragindako osasun-krisiak herritar guztiengan izan duen eragina baloratu ondoren (batez ere kolektibo ahulenetan, eta Balmasedako enpresa- eta merkataritza-sarean), talde guztiok adostutako hainbat neurri aurkeztu ditugu. Neurri horiek dokumentu honetan jaso dira, eta, ahal den neurrian, Balmasedako gizarte osoa ekonomikoki eta sozialki suspertzen laguntzea du helburu.
Neurri batzuk epe laburrekoak dira eta datozen asteetan gauzatuko dira; beste batzuk epe ertainekoak dira eta lan sakonagoa beharko dute. Epe luzera, “normaltasun berriak” nola eragiten digun eta Udalak zer erantzun eman diezaiokeen pentsatu beharko da.
Neurriak
1.- ITZULI BEHARRIK GABEKO ZUZENEKO LAGUNTZEN EZOHIKO PLANA
Laguntza hauen onuradun izango dira txikizkako merkataritza, ostalaritza-establezimenduak, banakako enpresaburuak eta Balmasedan jarduera eta helbide fiskala duten autonomoak, baldin eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua aplikatzearen ondorioz nahitaez jarduera utzi badute, edo, alarma-aldian irekitzea baimenduta egon arren, COVID-19aren ondorioz fakturazioa % 30 jaitsi bada. Ahal den neurrian, itxiera edo jaitsiera komertziala arintzea izango da helburua; horrela, jarduerari berrekin ahal izango diote Estatuak jarduerara itzultzea erabaki ondoren.
Esleitutako aurrekontua 250.000 €-koa da.
1. 000 €-ko laguntza finkoak daude lokala itxi behar izan duten merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduentzat, enpresentzat eta autonomoentzat. Eta beste kopuru aldakor bat, ardurapeko langileen arabera, gehienez ere beste 1.000 €-koa izan daitekeena.
Irekita izan arren fakturazioa % 30 baino gehiago murriztu dutenek zenbateko txikiagoak eskuratu ahal izango dituzte: 300 € arteko zenbateko finkoa, lokal bat badute, eta 500 €-rainoko aldakorra, ardurapean dituzten langileen arabera.
2.- TOKIKO SALTOKIETAN EROSTEKO BONUAK
Tokiko merkataritzan kontsumoa suspertzeko eta sustatzeko, “BALMA BONUAK” sortu dira, herritarrek Balmasedan jarduera eta egoitza soziala duten txikizkako saltokietan gastatu ahal izateko.
Esleitutako aurrekontua 20.000 €-koa da.
Bi zenbatekoko 2 bonu egongo dira: 20 euroko bonu bat eta 40 euroko beste bat. Bi bonu horietan, Udalak bonuaren kostuaren % 25 diruz laguntzen du. Kanpaina bi fasetan banatuko da: maiatza/ekaina eta iraila.
3.- TOKIKO KONTSUMOA SUSTATZEKO KANPAINA: Kaleak Pizten
Balmasedako Udalak egindako publizitate-kanpaina, Balmasedako establezimenduetan tokiko kontsumoa sustatzeko. Aldi baterako, online eta offline ekintzak sustatuko dira, hiriaren susperraldi ekonomikoa bultzatzeko. Halaber, komunikaziotik plan honetan hartzen diren neurri eta ekintza guztiei laguntza eta babesa emango zaie.
Esleitutako aurrekontua 5.000 €-koa da.
4.- TASEKIN, ZERGEKIN ETA PREZIO PUBLIKOEKIN LOTUTAKO LAGUNTZAK
Zuzeneko laguntzez gain, zerga-arloko zenbait neurri onartuko dira.
1.- Zerga-egutegia aldatzea, honako zerga hauek borondatez ordaintzeko epea luzatzeko: Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (TMIZ); bide publikoa mahai eta aulkiekin okupatzeko, bide publikoa toldoekin okupatzeko eta bide publikoa gasolindegi batekin okupatzeko zergak eta aparkaleku-plazen, lur komunalen eta bide iraunkorren zerga.
Borondatezko epea bukatzeko aurreikusitako data: 2020/10/01
Helbideratutako ordainagiriak kobratzeko data: 2020/10/01
2.- Udalarekin dauden zorrak geroratzeko epeak eta zorrak zatitzeko epea luzatzea.
3.- Jabari publikoa okupatzeagatiko tasa ez kobratzea. Jabari publikoaren erabilera pribatiboaren benetako aldia baino ez da ordainduko, erabili ezin izan den aldia kenduta. 2020an igorritako ordainagiri guztiak doituko dira.
a) Larunbatetako asteko merkatuko postuei tasarik ez kobratzea, ixtea agindu zen egunetik jarduera berriro hasi arte.
b) Markesinen eta toldoen tasak ez kobratzea saltokiak ixtea agindu zen egunetik gobernuak berriz ere jarduera baimentzen duen arte.
c) Ostalaritza-establezimenduei terraza-, mahai- eta aulki-tasarik ez kobratzea itxiera agindu zen egunetik gobernuak berriz ere jarduera baimentzen duen arte.
d) Alarma-egoerak irauten duen bitartean eta gobernuak jarduera berriro baimentzen duen arte, ez dira kobratuko merkataritza-jarduerak hartzen dituzten udal-lokalen alokairuak.
e) ELKARWORKeko espazioen alokairuak ez dira kobratuko, ixtea agindu zen egunetik gobernuak bere jarduera berriro baimentzen duen arte.
4.- Zerbitzu publikoei eta etendako jarduerei ordainagiririk ez igortzea jarduerari berriro ekin arte (igerilekuak, kirol-instalazioak, ikastaroak, kultura-jarduerak…). Zerbitzu publikoak benetan erabili diren epea baino ez da ordainduko, erabili ezin izan diren denbora kenduta. 2020an igorritako ordainagiri guztiak doituko dira.
5.- COVID-19AREN ERAGINPEAN DAUDEN HERRITARREI ETA KOLEKTIBOEI ARRETA EMATEKO BULEGO BAT MARTXAN JARTZEA.
Udal-laguntzak izapidetzeko bulego bakarra sortuko da, bai eta beste erakunde batzuen laguntza-lerroak izapidetzeko informazio-, kontsulta- eta laguntza-gunea ere. Printzipioz, ELKARWORKen egongo da.
HAZ indartzea herritarrei oro har zuzendutako bestelako laguntzetarako arreta- eta aholkularitza-gune gisa. Bi kasu horietan, proaktibotasuna bermatu behar da informazioa bidaltzean.
BFAren, EJren, ESTATUAREN, ISEBren, merkataritza-ganberen, Dema, Beaz, Seed capital eta gainerakoen laguntza-deialdiei buruzko informazioa biltzea eta kaltetuei helaraztea.
Udalaz gaindiko administrazioekiko koordinazioa laguntzak izapidetzeko, salbuespenetarako, etab.
6.- KALTEBERATASUN-EGOERAN DAUDEN FAMILIENTZAKO LAGUNTZA ZUZENAK
Txanpon-txartel baten bitartez krisiak eragindako eta elikagai-bankuak artatutako kolektiboen familiei dirua bidaltzean datza: 12 urtetik berako haurrak dituzten familiak, LGSaren azpiko pentsioak dituzten 65 urtetik gorako pertsonak eta LGSaren azpiko diru-sarrerak dituzten alargunak. Horrez gain, gizarte-zerbitzuek txosten baten bidez bereziki kalteberatzat jo ditzaketen familiak ere artatuko dira. Helburua da elikagaiak, higiene-produktuak eta oinarrizko beharrak asetzeko beste artikulu batzuk eskuratzea.
50.000 euroko aurrekontua dute esleituta.
Dirulaguntzak esleitzean, kontuan hartuko dira familia-unitateko kideak, irizpide hauei jarraikiz:
— 65 urtetik gorako alargunak 90 € hilean.
— Egoera bereziak 90 € hilean.
— 12 urtetik beherako haurrak dituzten familiak.
· Seme-alaba bat duten familiak 90 € hilean.
· 2 seme-alaba dituzten familiak 180 € hilean.
· 3 seme-alaba dituzten familiak 270 € hilean.
· 4 seme-alaba dituzten familiak 360 € hilean.
· 5 seme-alaba dituzten familiak 450 € hilean.
Laguntzak aurreordainketa-txartel baten bidez ordainduko dira.
7.- GIZARTE-LARRIALDIETARAKO LAGUNTZEN IGOERA. (GLL)
Aurrekontua: 35.000 €.
Eusko Jaurlaritza 83.213 euroko ekarpen gehigarria egin du. Balmasedako Udalak 35.000 euroko behin-behineko zenbatekoa gehitu dio zenbateko horri.
8.- FAMILIA-EKONOMIEI ZUZENDUTAKO LAGUNTZEN ZENBATEKOAREN ETA MOTEN IGOERA
2020ko aurrekontuaren behin-behineko zenbatekoari (70.000 €) 15.000 euroko ekarpen gehigarria gehitu dio Balmasedako Udalak.
Helburua da COVID-19aren harira agertu diren behar berriak hautematea. . Adibidez, sarean ikasteko tableta eta ekipamendu informatikoak erostea. Gainera, beharrezkoa izango da aurreko urteetako laguntzak birplanteatu eta behar berrietara egokitzea.
9.- ELIKAGAI-BANKUAREN PARTIDA HANDITZEA
Aurrekontua: 10.000 €.
Krisi honetan zehar, familia gehiagoren oinarrizko beharrak geldituko dira estali gabe. Bankuan izena eman duten kolektibo berriak hauteman beharko dira, ondoren haien beharrei erantzuteko.
10.- 2020ko ENPLEGU-PLANA BIRFORMULATZEA
10.1. LANBIDEren deialdia
Kontratazioak murriztea, aurreztutako zenbatekoa COVID-19ak eragindako egoerarekin lotutako ekintzetara bideratzeko. Normaltasun berriarekin eta osasun-krisialdiak eragindako egoerekin lotutako profil profesional berriak bilatzea.
10.2.- Merkataritzarako dirulaguntzak birformulatzea
Dirulaguntzak birformulatzea. Tokiko merkataritzara zuzendutako dirulaguntzen partida handitzea eta aldi baterako itxierarekin lotutako aurreikuspen berriak gehitzea; horiek ez dira dagoeneko beste erakunde batzuek aurkeztutakoen berdinak izango.
10.3.- Baso-lorezaintzaren eta lehen sektorearen enplegu-tailerra.
8 langabe eta begirale bat prestatu eta kontratatzea. Baso-sektorean enplegua sortzea. Gure udalerrian daukagun erabilera publikoko mendiaren bolumen handia baliatuz, sektoreari balioa gehituko dioten jardueren garapena sustatzea.
10.4.- Udal-merkatua eta Gure Lurreko Merkatua indartzea.
Tributu-neurrietan udal-merkatuari begira hartu diren neurriez gain, asteroko merkatua indartuko dugu: hura estetikoki hobetzeaz gain, postuen kokapena aldatuko dugu erdialdean espazio handiagoa irekitzeko.
GLMari dagokionez, 2020an zehar mantenduko dugu, urtearen amaierara arte.
10.5.- Mendekotasuna duten pertsonen arretarako prestakuntza.
Mendekotasuna duten pertsonek behar duten arretari buruzko ikastaroak egingo dira, bai familiarrentzat eta bai lanbide hori dutenentzat. LANBIDErekin lankidetzan, prestakuntza arautuaren bidez, LANBERRIren bitartez edo beste motatako ikastaroen bidez. Helburua da zaintzan jarduten duten pertsona orok prestakuntza egokia izatea.
10.6- Enplegu-azoka bat antolatzea eta Enkarterri open lab industriala sortzea
Helburua Enkarterriko eta Balmasedako giza-kapitala ezagutzera ematea da, baita hura harremanetan jartzea ere eskualdeko eta Bilbo Handiko enpresa-ehunarekin.
Bestetik, Enkarterriko enpresak Euskadiko gainerako enpresekin ere harremanetan jarri nahi dira, eta sinergiak eta lankidetza-proiektuak sortu nahi dira, enpresa-proiektu berriak sortzeko.
11.- EGUTEGI ETA AURREKONTU ZEHATZIK GABEKO BESTE EKINTZA BATZUK
1.- Hildakoak oroitu, agurtu eta aintzatesteko jardunaldi bat ospatzea.
Behin konfinamendua amaitu ondoren, egokia izan litzateke aintzatespen-egun bat ospatzea hildako familiarrak agurtu ezin izan dituzten familientzat; horrez gain, herriko biztanleok familia horiei elkartasuna eta gertutasuna adierazteko aukera izango genuke.
2.- Udal-gastuan eta kontratazioen gastuan tokiko edo eskualdeko dendetako kontsumoa. Legalki posible denean, gutxienez eskualdeko edo tokiko hornitzaile bati aurrekontua eskatzea.
3.- Bakarrik bizi diren eta 70 urte baino gehiago dituzten pertsonen errolda eguneratua.
Bakarrik bizi diren adinekoen zerrenda bat prestatzea haien beharren eta egoeraren berri izateko eta haiei erantzuteko Udalaren aukeren barruan.
4.- Sareko kultura eta telelana indartzea.
Ezinbestekoa da erakunde publiko eta pribatu guztiak prest egotea mundu digitalari begira. Telelana, sareko bankua, eskudiruz ez diren ordainketak, segurtasun-kopiak, hodei-lana, sareko lana, komunikazio ez presentzialak, etab.
5.- Tokiko erosketa-plataforma. Produktuaren erakusleiho eta salmenta birtuala.
Tokiko erosketa-plataforma sortzea + etxerako banaketa-zerbitzua.
6.- Laguntza psikologikoa indartzea.
Kontagiatutako pertsonentzat, hildakoen familiarrentzat edo konfinamenduaren eragin psikologikoak jasan dituzten pertsonentzat.
7.- Turismoaren sustapena (ez orain, baizik eta urte-amaieran eta 2021. urtearen hasieran).
Euskadi mailako publizitate-kanpaina, normaltasuna berreskuratzen denean, Balmasedako tokiko merkataritzako kontsumoa pizteko eta Balmaseda bisitatzea sustatzeko.