
- > Castellano
Adrián Martínez Beorleguik, 20 urterekin soilik, argi dauka bere etorkizuna: biola irakasle izan nahi du. Leioako gazte honek, Londresko Royal Academy delakoan instrumentu horren hirugarren ikasturtea egiteko bekadunak, aspalditik zeukan masterclass ikastaroak antolatzeko ametsa, berak bezala musikaren bidetik euren bizitza eraiki nahi dutenentzat zuzenduta. Balmasedan toki ideala ikusi zuen, bere hitzetan herri historiko honek kontzertuak emateko toki paregabeak dituelako, hala nola Horcasitas Jauregia edo San Severino eliza.
30 pertsona inguruk eman dute izena masterclass horietan, eta mundu osoan aitortuak izan diren luxuzko irakasleak izango dituzte: Pablo Suárez biolinerako, Ashan Pillai biolarako eta Aldo Mata biolontxelorako. Aukera bakarra da Euskadin, ikasleen jotzeko modua esponentzialki hobetzen laguntzeko horrelako ikastaroak ez baitira antolatzen. “Niri horrelako ikastaroetan eman dizkidaten aholkuek bizitza aldatu didate eta hemen ere musika-karrera batean sartu nahi duten horiek aukera hori izan dezatela nahi dut”, esan du Adriánek.
“Nahiz eta nire gurasoen laguntza handia izan dudan arren, eta Balmasedako Udalak erraztasun guztiak eman badizkit ere, pandemia dela-eta ezin izan ditut nire amets guztiak bete. Datozen edizioetan egin nahiko nuke hori; adibidez, irakasle kopurua handitu nahiko nuke, Musikeneko batzuk ekarrita, eta ikasleentzako erraztasun gehiago eskaini. Lehen aldi honetan covid-aren aurkako segurtasun-neurriak modu arduratsuan bete dira, arreta handia jarri dugu maskararen erabileran eta segurtasun-tartean”, argitu digu.
Masterclass horiekin batera, Adriánek musika klasikoko hainbat kontzertu antolatu ditu; izan, ere lehenengo kontzertuaz gozatzeko aukera izan dugu jada San Severino elizan. Hurrengo hitzorduak hauek dira: hilaren 28an (asteazkena), sarrera hau argitaratzen den egunean, 19:30ean Horcasitas Jauregian; eta hurrengo larunbatean, uztailaren 31n, ordu berean San Severino elizan. Bi kasuetan ikastaroetara gonbidatutako irakasleen birtuosismoaz gozatzeko aukera izango dugu.
Horrez gain, prestakuntzaren gehigarri gisa, ikasleek ere kontzertu bat emango dute uztailaren 29an, arratsaldeko 18:30ean San Roque hotelean. Ganbera-musikako errepertorioa izango du, eta talde formatuan egingo da. Gainera, ostiral honetan, uztailaren 30ean, kalean sorpresazko kontzertua egongo da. Eta hori guztia, betiere, balmasedarrei musika hurbiltzeko helburuarekin egingo da.
Adrián esperientzia honekin asebeteta sentitzen da, eta onartzen du bere gurasoek eskainitako laguntzari esker lortu duela horrelako zerbait antolatzeko zailtasunari aurre egitea. “Orokorrean, ikasleen gurasoak haien seme-alaben musika-karreretan zentratuta daudela ikusten dut, beharrezkoa bada idazkari-lanak ere egiten dituzte, oso inplikatuta daude”, azaldu du.
Musika asteaz gozatzen dugun bitartean, datorren urtean beste edizio bat egiteko promesa luzatzen dizuegu. Adriáni bere helburuetan arrakastarik handiena izan dezala opa diogu, hau da, Royal Academy-an karrerako azken bi urteak egitea eta AEBn master bat egitea.
