
- > Castellano
Putxeraren Kofradiak Putxeren Nazioarteko Lehiaketaren oinarriak berritu ditu, are erakargarriagoa izan dadin. Lehenengo saria 600 eurotik 1.000 eurora igoko da, besteak beste.
Urriaren 23an, Balmasedako Putxeren Nazioarteko XLVIII. Lehiaketa egingo da. Baina, horrez gain, Putxeraren – Treneko Eltzekariaren Kofradiaren lehen urteurrena ospatuko da. Elkarte hori, hain zuzen, treneko historiaz beteriko jaki hau goresteko sortu zen. Eta helburu horrekin, kofradiako kideek lan handia egin dute lehiaketaren oinarri berriak sortzeko. Nabarmentzekoa da lehen saria 600etik 1.000 eurora igoko dela. Baina ez da bakarra; izan ere, guztiak areagotuko dira, bai eta sari kopurua ere: 10etik 20ra, hain zuzen. Eta gehiago dago; beherago berritasun garrantzitsuak ikusi ahal izango dituzue:
1.- EGUNA
Balmasedako Putxeren XLVIII. Nazioarteko Lehiaketa 2018ko urriaren 23an egingo da, 08:30etik aurrera.
2.- IZEN-EMATEA
Izena urriaren 23an bertan eman beharko da, 08:30etik 10:30era bitartean, San Severino plazan. Izen-ematea nominala izango da eta zenbakia putxera entregatzen den unean emango da.
Adinez nagusia den edonork eman dezake izena. Horretarako, nortasun-agiria aurkeztu beharko du nahitaez, eta ezarrita dauden baldintzak bete. Izena ematearekin batera 5,00 € ordaindu beharko dira (adingabeek tutore baten laguntzarekin hartu beharko dute parte). Izen-emate bakoitzarekin opari bat banatuko da (lehiaketako amantala, “De boca en boca” ardo-botila eta “Txumitxa” pipar-potoa).
Izena ematean putxera zehazki non egongo den adierazi beharko da. Lehiaketan zehar, epaimahaikideek in situ egiaztatuko dute arau jakin batzuk betetzen direla: jardunbide egokiak, garbiketa, zuzentasuna, etab. Hala egin ezean, parte-hartzaileak deskalifikatu edo zigortu ahal izango dituzte, arau-haustea arina edo larria izan den. Arau-hauste larriak izango dira kozinatzeko baimendu gabeko errekuntza-euskarriren bat erabiltzea eta putxera izena eman ez duten beste pertsona batzuek egitea.
Izena emateak berekin dakar datu pertsonalak tratatzea; hortaz, Balmasedako Udalak, 15/1999 Lege Organikoa (Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa) eta 2/2004 Legea betetze aldera, jakinarazten dizu ematen dizkiguzun datuak tratatu egingo ditugula eta erakunde honen ardurapeneko datu pertsonalen fitxategi automatizatuetan sartuko ditugula. Fitxategi horiek Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean jasota daude eta horien xedea da udal-kudeaketaren berezko zereginak gauzatzea, gure eskumenen barruan. Datuok legez ezarritako kasuetan bakarrik lagako dira eta behar bezala babestuta egongo dira. Interesdunek datuak ikusteko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta horiei aurka egiteko eskubideak balia ditzakete, Balmasedako Udalarekin harremanetan jarrita (San Severino plaza Z/G, 48800 Balmaseda, Bizkaia).
3.- BALDINTZAK
Parte-hartzaile bakoitzak izen-emate bakarra egin ahal izango du eta gehienez bi putxera aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Putxerak 12:00etatik 13:30era bitartean aurkeztu beharko dira. Ohi bezala, aurkeztutako putxerak babarrunekin egin beharko dira (babarrun gorria, beltza edo nabarra), ongarri klasikoak bakarrik onartuko dira eta nahitaezkoa izango da txorizoa, odolkia eta urdaia botatzea. Putxera izen-ematean adierazitako lekuan egingo da, eta egurra, egur-ikatza edo harrikatza erabili beharko da erregai gisa. Edozein neurritako putxerak aurkeztu ahal izango dira, eta ikusizko balorazioan kontuan hartuko da putxeren edukiaren proportzionaltasuna.
4.- EPAIMAHAIA
Balmasedako Putxeren XLVIII. Nazioarteko Lehiaketako epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da (iradokizunak jasoko dira hurrengo edizioetarako), eta jarraian zehaztutako pertsonak izango dira epaimahaikideak. Bajarik egotekotan, alkate jaunak ordezko bat izendatuko du putxerak aurkezten hasi aurretik.
Epaimahaikideek ezingo dute parte-hartzaileekin hitz egin putxerak dastatzeko unean (arau-hauste larria). Dastaketan zehar, epaimahaikideek ez dute gailu mugikorrik izango gainean.
Epaimahaiaren zuzendaria: Putxeraren Kofradia
Koordinatzaile nagusia: José Mª Aguirre (La Roca Bilbao jatetxea)
Koordinatzaile laguntzailea: Javier Lezama (Putxeraren Kofradia)
Epaimahaia: lehiaketaren egunean ezagutuko da
5.- BALORAZIOA
Lehiaketara aurkeztutako putxeren balorazioa eta puntuazioa hiru fasetan egingo da. Fase bakoitzean epaimahaikide desberdinek egingo dute balorazioa.
- Aurkezpena edo ikusizko balorazioa
Ikusizko balorazioa putxeraren eltzean egingo da, karkasa kenduta. Aurkezpenagatik 0 eta 5 puntu artean emango dira, eta bi epaimahaikidek emango dituzte puntuak. Hirugarren epaimahaikide batek erabakiko du zein putxera igaroko diren hurrengo balorazio-fasera.
Guztira: 10 puntu
- Itsu-itsuko dastaketa edo egosketa-puntuaren eta zaporearen balorazioa
Egosketa-puntuaren eta zaporearen balorazioa itsu-itsuan egingo dute lau epaimahaikidek, portzelanazko plater zuri batean. 0 eta 10 puntu artean emango dira bai zaporeagatik bai egosketa-puntuagatik. Epaimahaiak ondoen baloratzen dituen putxerak gonbidatu bereziaren dastaketaren fasera igaroko dira.
Guztira: 80 puntu
- Gonbidatu bereziaren dastaketa
Gonbidatu berezi batek putxerarik onenen azken dastaketa bat egingo du, eta 0tik 10era puntuatuko ditu, plateraren sukaldaritzako alderdi guztiak aintzat hartuta (itxura, egosketa-puntua eta zaporea).
Guztira: 10 puntu
GEHIENEKO PUNTUAZIOA GUZTIRA: 100 puntu.
Berdinketa gertatzen bada, gonbidatu bereziaren puntuazioak lehentasuna izango du, eta ondoren hauek, ordena honetan: egosketa-puntua, zaporea eta aurkezpena.
6.- SARIAK
Balmasedako Putxeren XLVIII. Nazioarteko Lehiaketaren sari-banaketa urriaren 23an bertan egingo da, 14:15ean, San Severino plazan. Izena emandako pertsonetatik irabazle izendatzen dutena Udalarekin jarri beharko da harremanetan, bere nortasuna justifikatzeko agiriekin eta kontu zenbaki batekin, saria eskudirutan jasotzeko. Horretarako, dagozkion agiriak sinatu beharko ditu lehendabizi. Sailkapen orokorrean saria lortuz gero, ezingo da beste aintzatespenik jaso; beti jasoko da zenbateko eta maila goreneko saria. Bere bi putxerei emandako puntuen baturarekin puntuazio altuena lortzen duen parte-hartzailea sukaldari nagusi izendatuko da, eta bere sariari 200 euroko ordaina gehituko zaio. Horrez gain, Putxera Maisu gisa ziurtatuko duen jakatxoa emango zaio.
SAILKAPEN OROKORRA ETA SARIAK
1.- 1.000 €. Txapela. “Urrezko putxera”. Izadi upeltegietako magnum bikoitza.
2.- 700 €. “Zilarrezko putxera”. Izadi upeltegietako magnum bikoitza.
3.- 400 €. “Brontzezko putxera”. Izadi upeltegietako magnum bikoitza.
4.- 200 €. Garaikurra. Izadi upeltegietako magnuma.
5.- 175 €. Garaikurra. Izadi upeltegietako magnuma.
6.- 150 €. Garaikurra. Izadi upeltegietako magnuma.
7.- 125 €. Garaikurra. Izadi upeltegietako magnuma.
8.- 100 €. Garaikurra. Izadi upeltegietako magnuma.
9.- 75 €. Garaikurra. Izadi upeltegietako magnuma.
10.- 50 €. Garaikurra. Izadi upeltegietako magnuma.
11.etik 20.era.- Garaikurra. Egia Enea txakolina eta Chocolates Kaitxoko lotea.
Sari konbinatua (puntuaziorik altuena aurkeztutako bi putxeren puntuak batu ondoren)
200 € osagarri. 2018ko Putxera Maisuaren jakatxoa eta asteburu baterako bi pertsonentzako bidaia (Viajes Arzabe).
Puntuen berdinketa gertatzen bada, saria puntuazio indibidual altuena jaso duen putxera aurkeztu duenari emango zaio.
Sari berezia tokiko lehiakide onenari
1. – 150 € osagarri.
2. – 100 € osagarri.
3. – 50 € osagarri.
Sari hori jaso ahal izango dute oinarrietan adierazitako baldintza guztiak betetzeaz gain, lehiaketaren egunean Balmasedan erroldatuta dauden lehiakideek.
Sare sozialen sari berezia
Antolatzaileek parte hartzeko eredu berri bat jarriko dute martxan, egun berezi horretan Balmasedan prestatzen diren putxera kopuruaren errolda egiteko xedez. Aurrez zehaztutako sare sozialak erabilita bere putxeraren argazkia bidaltzen duten balmasedar guztiak hainbat sari interesgarriren zozketa batean sartuko dira. Informazio gehiago emango da lehiaketaren egunean bertan..
Sari berezia nazioarteko putxerari
Antolatzaileek gure hiribilduan asteburua pasatzeko bi pertsonentzako bidaia zozkatuko dute San Severino egunean Balmaseda ez den munduko edozein txokotatik putxera bat prestatzen bideo bat bidaltzen dutenen artean. Hau sartuko da sarian: bi pertsonentzako egonaldia, ostatu eta gosariarekin; putxeren dastaketa eta bisita gidatua Balmasedan.
Sari bakoitza emateko, Udalak zerga-arloan, Gizarte Segurantzaren arloan eta abar indarrean dagoen araudiaren arabera jardungo du. Lehiaketan parte hartzeak esan nahi du ezarritako oinarriak onartzen direla. Alkate jaunak, edo egun horretan legez ordezkatzen duenak, eskubidea izango du aurreko ataletan edozein aldaketa egiteko, Alkatetzaren ebazpen bidez.