
- > Castellano
Dagoeneko iritsi da Aste Santua, eta, horrekin batera, Balmasedako Pasio Biziduna. Tradizio honek agerian uzten du hiriaren arima, kultura-gertakari garrantzitsu hori antolatu eta bizitzen duena. Apirilaren 18an eta 19an danborren burrunbak entzungo ditugu udalerrian zehar, eta Balmasedako herritarrak hilabeteetan zehar egin duten lana egongo da ikusgai.
Egitaraua
OSTEGUN SANTUA, APIRILAK 18
19:00etan: Pausoen prozesioa. Irteera-puntua San Severino plaza izango da, eta bertatik Hedegile eta Martin Mendia kaleetarantz abiatuko dira. Azkenik, irteera-puntura itzuliko dira berriro ere. Erromatarrek eta penitenteek hartuko dute parte pausoetan; azken horiek txanoarekin, oinutsik eta gurutzeak bizkarrean dituztela. Kolitza abesbatzak eta Azkoaga musika-taldeak ere parte hartuko dute.
21:30ean: Azken Afaria. Ostegun Santu gauean hasiko da San Severino plazan. Ekitaldiak ordubete iraungo du gutxi gorabehera, eta honako eszena hauek antzeztuko dira: Apaizen Kontzilioa, Azken Afaria, Olibondoen Baratzeko Otoitza, Jesusen Atxiloketa eta Kaifasek gidatutako apaizen aurreko epaiketa. Eszena horrekin emango zaio amaiera ostegun gauari, eta hurrengo goizean jarraituko dute antzezpenekin.
OSTIRAL SANTUA, APIRILAK 19
9:30ean: Pilatoren Epaiketa. Judasen Urkatzea, Jesusen Epaiketa Pontzio Pilatoren eskutik, Jesusen zigorkatzea, Barrabasen askapena eta Ecce Homoa antzeztuko dira. Ekitaldi horretan Pilatosengan eragin nahi duten apaiz eta pertsonek hartuko dute parte, Jesus kondenatzeko helburuarekin. Behin kondenatuta, 65 kiloko gurutzea jarriko diote bizkarrean, eta bi lapurren konpainia izango du: Dimas eta Gestas. Jesusek hasiera emango dio gurutze-bideari, eta, lehen erorketaz gain, topaketak izango ditu Maria Magdalenarekin eta Ama Birjinarekin.
10:30ean: Gurutze-bidea. Balmasedako hiriguneko kaleetan zehar antzeztuko da, gurutziltzaketaren antzeztokira iritsi arte. Ibilaldian zehar, bigarren eta hirugarren erorketak gertatuko dira San Severino plazan eta Martin Mendia kalean (San Juan del Moral eliza), hurrenez hurren. Honako ekitaldi hauek ere ospatuko dira gurutze-bidean zehar: Jesusi gurutzea eramaten laguntzen dion zirinearraren atxiloketa, Veronicarekin topaketa eta, bigarren erorketaren ostean, Jerusalengo emakume errukitsuekin topaketa.
50 metro zabaleko eta 15 metro altuko antzeztokian antzeztuko dira Kristoren gurutze-bidearen azken gertakariak. Ikusgarritasun eta dramatismo handiko ekitaldia da, eta, bere azken hitzak ahoskatu ondoren, Jesus hilobira eramango dute. Horrela emango zaio amaiera ikuskizunari.
19:00etan: Ehorzketako prozesioa. Aurreko eguneko pertsonaia eta pausoekin batera, Magdalenak, Ama Birjinak, Veronicak, Apostoluek eta goizeko ekitaldiko pertsonaiek hartuko dute parte desfilean.
Pausoen kalitateari eta pertsonaien iluntasunari esker, prozesioari tristura- eta baitaratze-ukituak ematen dizkiote. Ibilbidea San Severino plazan hasiko da, eta Hedegile eta Martin Mendia kaleetarantz abiatuko da. Azkenik, irteera-puntura itzuliko dira berriro ere.
21:30ean: Isiltasunaren prozesioa. Ostiral Santu gauen hasiera emango zaio azken pauso-prozesioari. Erromako Guardiak Hilerriko Kristoari eta Andre Maria nahigabeturi emango die eskolta isiltasunean, eta, hilerrira iristean, Kristoren pausoa betiko tokian ipiniko da, hilerriko kaperaren hormetako batean. Ondoren, parrokia-elizara itzuliko dira Nahigabetuarekin. Ibilbidea San Severino plazan hasiko da, eta Pío Bermejillo eta Martin Mendia kaleetatik igaroko da. Ondoren, El Millonario zubia gurutzatu eta hilerrirantz abiatuko da.
Sarreren salmenta
Enkartur turismo-bulegoan eskura daitezke sarrerak (Martin Mendia kalea 2), ohiko ordutegian. Gainera, Ostegun Santuan bertan bulegoa irekiko dute sarrerak saltzeko: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Ostiral Santuan, berriz, Klaret Antzokiko txartel-leihatilan erosi ahal izango dira sarrerak, 8:00etatik 9:15era.
Gogorarazten dizuegu Internet bidez ere eros daitezkeela sarrerak. Egin klik hemen.
Gurutze-bide Biziduna Elkarteak Pasio Bizidunarekin lotutako berriak argitaratzen ditu sare sozialetan. Informazio gehiagorako, kontsultatu webgunea (www.viacrucisbalmaseda.com), Facebook kontua Asociación Vía Crucis Viviente de Balmaseda eta Twitter kontua @VC_Balmaseda.