
- > Castellano
Izena: Paula Diez Forés
Adina: 28
Zein diziplina zientifiko lantzen duzu? Osasun Zientziak
Zertan egiten duzu lan / zer ikertzen duzu? Erradiodiagnostikoko mediku espezialista naiz eta Basurtuko Ospitalean egiten dut lan.
Zertarako balio du egiten duzunak? Nire lanean, pazienteari eragiten dioten hainbat gaixotasunen diagnostikoa ezartzen dut zenbait irudi-teknikaren bidez: erradiografia arrunta, ekografia, eskanerra edota erresonantzia magnetiko nuklearra. Gainera, gaixotasunaren hedapena eta larritasuna zehaztu behar ditut.
Bestalde, gure espezialitatean gida gisa erabiltzen ditugu zenbait irudi-teknika, eta, horri esker, prozedura ia ez-inbaditzaileak egin ditzakegu, adibidez, biopsiak. Horien bidez, diagnostikoa hobe zehaztu dezakegu. Era berean, teknika horiei esker, xede terapeutikoak dituzten prozedurak ezarri ditzakegu, besteak beste, muskulu-infiltrazioak edo tumoreen ablazioak/kimioenbolizazioak; horrela, ebakuntza kirurgiko latzagoak egitea ekidin dezakegu.
Azkenik, aipatu nahiko nuke gure espezialitatearen barruan iktusaren eta hemorragia akutuen premiazko tratamendua lantzen dugula, patologia horiek sor ditzaketen sekuelak izateko aukera ahalik eta gehien murrizteko.
Zure ustez, zergatik da garrantzitsua zientzia? Zientzia garrantzitsua da gizartearen garapen eta eboluziorako ezinbestekoa delako. Nire lanbideari esker, osasunera bideratutako zientziaren arloa hurbiletik ezagutu dut, eta, arlo horretan, medikuntzako aurrerapenek duela urte asko sendaezinak ziren gaixotasun asko tratatu eta lantzeko aukera eman dute. Horrez gain, gaur egun zientziak ikaragarrizko garrantzia du, are gehiago egun bizi dugun pandemian. Izan ere, ziurrenik txertoak garatzeari esker gainditu ahal izango dugu pandemia hau.
Nola animatuko zenituzke belaunaldi berriak? Gogorra da osasunaren arloa ikertzen duen zientziaren munduko lana, dedikazio eta irmotasun handia eskatzen baititu; edonola ere, horren truke, kultura maila handia lortzeko aukera dugu, baita maila profesionalean zein pertsonalean aurrera egiteko aukera ere.
Halaber, oso gogobetegarria da gizarteari horrenbeste laguntzen dion komunitate batean egotea, bai medikuntza-arloan bai teknologiaren eta farmaziaren garapenerako arloan. Horregatik guztiagatik, etorkizuneko edozein belaunaldi animatuko nuke mundu honen parte izatera.