
- > Castellano

Participantes en la presentación de la renovación del I Plan de Inmigración
Urtarrilaren 10ean, Kultur Etxean egindako ekitaldi publikoan aurkeztu zen gure hiribilduan biztanle atzerritarrak integratzeko I. Udal Planaren berritzea.
Beste jatorri eta kultura batzuetako herritarren etorrerak eta finkapenak aldaketa handiak eragin ditu gure udalerriko gizartean eta demografian, eta aldaketa horrek funtsezko inpaktua dakar Balmasedako eraldaketarako eta etorkizunerako.
Egoeraz jabetuta, Udalbatzak Balmasedako udalerriko biztanle atzerritarrak integratzeko I. Udal Plana onetsi eta abiarazi zuen 2007. urtean. Ordutik 10 urte igaro dira, eta aldaketa nabariak izan dira gure inguruko migrazio-fenomenoaren errealitatean. Hain zuzen ere, 2007an biztanleen % 3,25 etorkinak ziren; egun, aldiz, biztanleriaren % 10 osatzen dute hainbat jatorritako herritarrek eta beren ondorengoek. Orain dela hamar urte, 10 naziotako biztanleok bizi ginen udalerrian; gaur egun, berriz, 21 herrialdetako jatorriak bildu ditugu.
Gure udalerrira etorri direnak gainerako biztanleekin batera bizi dira egunero. Batzuk iragaitzaz izango dira hemen, baina beste askok Balmaseda aukeratu dute iraganean hasi zuten migrazio-proiektuko helmuga gisa. Etorkin batzuk Espainiako nazionalitatea eskuratu, negozio berriak sortu edota euren lan-indarra ekarri dute. Familiak ere sortu dituzte, eta beren seme-alabetako ugarik Balmasedan jaio dira.
Erronka berriak ditugu gure aurrean, harreraren ildotik ez ezik, bizikidetzari eta kultura-artekotasunari lotutakoak ere. Aniztasunean haztea onuragarria da gure udalerrirako eta, aldi berean, beharrezkoa da haren kudeaketan ardaztutako politiketan inbertitzea.
Horregatik, ia urtebetez lan egin eta gero, udalak bigarren plan bat onetsi du, aurrekoaren berrikuspena, zeinak kulturen arteko harremanak dituzten agertokiei erreparatu dien eta zeharkako partaidetza-tresna izan nahi duen.
Eskerrak eman nahi dizkiegu kontu-hartzaileen taldeari; Bidea Eginez Elkarteko profesionalei; talde politikoei, adostasunetik abiatuta ekarpenak egin eta jarduteagatik; udaleko teknikariei, euren ekarpen tekniko eta parte-hartze aktiboagatik; eta, bereziki, elkarrizketa eta topaketetan lagundu duten herritarren ordezkariei, horiek ahalbidetu dutelako, egun, tresna hau izatea.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikarako eta Gizarte Garapenerako Zuzendaritzari eskertu behar diogu jarduera honetarako emandako diru-laguntza, horri esker idatzi ahal izan baitugu planaren berritzea.
Beraz, egungo erronka dugu udalak bere ahalegin guztiak egitea plana abiatzeko, gure udalerriko herritar guztientzako tresna baliagarria izan dadin eta lagundu diezagun oztopoak ezabatzen, aukerei dagokienez aurrera egiten eta aniztasunean hazten.