Abenduan Balmaseda hobetzeko ideiak zituztenek euren proiektuak aurkeztu ahal izan zituzten 2020ko aurrekontu parte-hartzaileen testuinguruan. 39 ideia jaso ditugu, eta horien laburpena argitaratu nahi dugu hemen:

 

Padel-pistak

Padelaren gorakada dela eta, eta behin URAk orain arte jartzen zituen oztopoak konponduta, hainbat herritarrek posible ikusten dute udal-kiroldegian padel-pistak eraikitzeko proiektuaren exekuzioa. Gogorarazi digute Espainian gehien jokatzen den bigarren kirola dela, eta Enkarterriko beste herri batzuetan badituztela horrelako instalazioak.

 

Kultur Etxeko kanoi proiektorea konpontzea

Kultur Etxean urtean zehar egongo diren ekitaldiak ikusita, udalerriko biztanle baten ideia izan zen areto nagusiko ikus-entzunezko ekipamenduari % 100eko etekina ateratzea. Beraz, urteak apurtuta daramatzan proiektorea konpondu edo ordezkatzea proposatu du.

 

Kiroldegiko hobekuntzak

Balmasedako Saskibaloi Klubak Errotarena  Kiroldegiko  instalazioak  eta  kudeaketa  hobetzea proposatu du, bereziki saskibaloi-pistari dagokionez: irekiera-ordutegia zabaltzea larunbat arratsaldetan ere, malguagoak izatea ostiraletako itxiera-orduetan eta 9:00etan irekitzea asteburuetan. Garbiketa-zerbitzua zabaltzea, pista eta harmailak klimatizatzea eta kiroldegiaren sarrerako espazioan kafetegi bat irekitzea ere proposatu dute.

 

La Baluga zelai artifiziala

Biztanle batek uste du probetxuzkoa izango litzatekeela La Baluga futbol-zelaia belar artifizialekoa izatea, belar naturalekoa soilik adinez nagusiko taldeak erabil baitezake. Gogorarazi digu talde ugari daudela, eta uste du Salinillas txikia gelditzen dela eta haurrek ordutegi gutxiegi dituztela futbolean ibiltzeko.

 

Kirol gehiago

Beste biztanle batek kiroldegiko funtzionalitateak zabaltzeko proposamena egin du, gaur egun ez dauden kirol gehiago eskaintzeko: padela, eskubaloia, igeriketa, atletismoa, gimnasia, tenisa…

 

Fidelitate-bonua zinemarako

Balmasedako zinema sustatzeko asmoarekin, proposatu duten beste ideia bat fidelitate-bonu bat sortzea izan da. Txartel bat izango  litzateke, erosketa bakoitzaren ostean zigilatuko litzatekeena, eta bost sarreratik behin seigarrena doakoa izango litzateke.

 

Animalia biziak jasotzeko zerbitzua

Bi biztanlek animalia biziak jasotzeko  zerbitzua eskatu dute, eta ez soilik txakurrak, kaleko   katuen   artean   gaixotasunak   ez  zabaltzeko. Horrez gain, galdutako animalien jabeak bilatzeko ere balioko luke.

 

San Juan del Moral elizaren estalkia konpontzea

Estalkia konpontzean datza, teilak kenduz eta taularen euskarria eta egoera txarrean dauden beste elementu batzuk ordezkatuz; horrez gain, duela gutxi berritu duten azpiko teilatuan erabilitako teila-modelo berarekin estaliko lirateke.

 

Plaza Gorriaren errehabilitazioa

San Juan elizaren eta Herriko Tabernaren artean kokatutako plaza berritu daiteke iturri batekin, argiteria berriarekin eta ibaira begirako begiratoki batekin. Haur asko jolasten dira egunero bertan, eta hirigunean asko bisitatzen den gune bat da; beraz, onuragarria litzateke plaza egokitu bat edukitzea.

 

Horcasitas jauregiko parkea

Aurkeztu duten beste ideietako bat Horcasitas jauregia inguratzen duen parkeko hesiak kentzea  da,  baita  kaleekiko  lur-maila  berdintzea ere. Horrela, sarbide askea sortuko litzateke, eta dimentsio handiko espazio ireki bat ahalbidetuko litzateke, ikusizko oztoporik gabe eta muga arkitektonikorik gabe, hirigunean bertan.

 

Aparkalekuak gasolindegiaren gunean

Biztanle batek farmazia eta gasolindegiaren arteko aparkalekuak 10 edo 15 minutuko aparkaleku txandatuak bihurtzeko proposamena egin du. Horrela, errazagoa litzateke haurrak Ikastolara eraman eta bertatik jasotzea, erosketa azkarrak egitea bertako dendan, El Cubon eskainiko diren administrazio-instalazioetan izapideak egitea, etab.

 

Ikastolaren eta Bardaji etxearen arteko kantoia babestea

Kontuan hartuta Ikastolako haur asko Bardaji etxeko kantoitik jaisten direla korrika Aldapa kalera, eta bertatik autoak igarotzen direla, interesgarria izango litzateke zig-zag formako hesiak ipintzea istripuak ekiditeko. Horrela, gazteak kalearen ertzari lotuta igaroko lirateke.

 

Estalitako haur-parkea

Ez dago estalitako haur-parkerik udalerri osoan, eta gure inguruan euri ugari egin ohi du. Bi pertsonek behar bera hauteman dute, eta ideia bera aurkeztu dute modu bereizian. Kasuetako batean olana baten bidez pilotalekuko haur-parkea estaltzea proposatu da, ondoko eraikinei bistak ez oztopatzeko.

 

Aparkalekuen sorrera

Foruen   inguruan   aparkaleku  gehiago  sortzeak bertako zerbitzuetarako sarbidea erraztuko luke: dendak, Ikastola, Ertzaintza, etab. Horretarako, bideragarritasun-ikerketa bat egitea proposatzen da, Presa Encimera kalean hasieran edo Virgen de Gracia kalean.

 

Industria-gunea sortzea

Enplegua sortzeko asmoarekin, beste industria-gune bat sortzea proposatzen da Tejera gunean.

 

Donejakue Bideko bidegorria

Balmasedaren erdigunea gurutzatzen duen Donejakue Bideak, hirigunea zeharkatu ondoren, El Páramora jarraitzen du BI-636 bidetik. Proiektuaren helburua egungo bidegorria jarraitzea  da,  Campo  de  Salinillas  parean  amaitzen dena, gutxienez, aipatutako poligonora arte. Errepide-tarte horretan erromesak eta paseatzera, korrika egitera  edo  oinez  ibiltzera irteten diren mota guztietako pertsonak ikus daitezke, behin bidea amaitzen denean horrek dakarren arriskuarekin.

 

Dutxak hobetzea

Kiroldegian tenperatura erregulagarriko dutxak ipintzea ere proposatzen da, ura egokia izan dadin publiko guztientzat.

 

Argiteria publikoa hobetzea

Biztanle batek uste du argiteria orokorra areagotu behar dela, gaur egun giro iluna ikusten baitu, argi fokalizatuarekin eta puntu ilun ugarirekin. Puntu beltz horien ikerketa egiteko eta hori konpontzeko eskatu du.

 

Kirol-klubentzako dirulaguntzak

Herritar batek eskatu du dirulaguntzak oinarrizko kirolera zuzentzeko, kirol-jardueraren doakotasunaren alde egiteko.

 

HAZaren aurreko plazatxoa berregituratzea

Elementu finkoak lorategi eta banku mugikorrengatik ordezkatzea Martin Menduaren estatuaren eta HAZaren bulegoaren arteko plaza txikian. Horrela, udalerriko biztanle batek uste du moldakortasuna emango litzaiokeela gune horri, eta gune garbi bilakatuko litzatekeela festetarako, azoketarako edo bestelako jardueretarako.

 

Zezen-jaialdia eta zekorketa

Balmasedako Zezenketa Klubak gure udalerriko zezenketa-jaialdi tradizionalak egitea proposatu digu: nobilleroen jaialdia eta tokiko zekorketa. Ideiaren aldeko argudioa tradizio historikoa da.

 

Salinillasen sartzeko oinezkoen sarrera berria

Oinezkoen sarbide berri bat egiteko aukera ikertzea proposatu da, zig-zag formako eskailera baten eta arrapala paralelo baten bidez, desnibelari aurre egiteko. Horrela, bidegorria aldageletako ateekin eta zelairako sarrerarekin lotuko litzateke. Modu horretan, desgaitasuna duten pertsonei, adinekoei, haurren aulkien eta abarri sarrera asko erraztuko litzaieke.

 

Balmaseda Musika Fest

Hirugarren urtez jarraian antolatuko da Balmaseda Musika Fest jaialdia, erantzun positiboarekin bai publikoaren eta bai kritikaren eskutik; herritar batek uste du Udalak diruz lagundu beharko lukeela.

 

Frankenfest

Tokiko kolektiboei aukerak ematen jarraitzeko  eta  herritarren  parte-hartze  handiagoa  biltzen jarraitzeko asmoarekin, laguntza eskatu da Frankenfest antolatzeko, orain arte ospatu diren bi edizioetan hazten joan den jaialdia.

 

Termiten aurkako tratamenduaren kudeaketa

Termitek hirigunean eta inguruko eremuetan duten eragina ikertzeko eskatzen da, baita horiek desagerrarazteko ekintza-plan  bat  prestatzea ere. Horrela, suntsiketen aurka babestuko dira, eta arazoari konponbidea emango zaio: hori ezin da egin soilik ekimen pribatuekin.

 

Hiri-baratze komunitarioak

Herritar batek lur publiko ereingarrien erabilera-lagapena eskatu du komunitatearen erabilerarako, tokiko elikagai-ekoizpenaren alde egiteko, 0 km-koa, komunitate-sareak sortuz. Horrez gain, interesgarria iruditzen zaio dibulgazio-, ikasketa- eta prestakuntza-ekintzak burutzea.

 

Kantoiak izendatzea

Orexinal elkarteak hiriguneko zortzi kantoiei balmasedar ezagunen izenak ipintzea proposatu digu. Balmasedan egon diren pertsonalitate guztiak kontuan hartuta, herriari horrenbeste eman zioten indianoak alde batera utzita, uste dute bidezkoa izango litzatekeela politikari, gortesau eta artisten izenak ipintzea, XIII. mendetik aurrera Balmasedan jaiotakoak.

 

Martin Mendiaren estatua garbitzea

Elkarte berak San Severino plazako estatua garbitzeko eskatu du, Balmasedaren irudi ona emateko hurbiltzen diren turistei.

 

Argazki-erakusketa San Severino elizan

Orexinal elkarteak elizaren barruko Erdi Aroko giltzarriei eta kapitelei argazkiak ateratze edo drone batekin grabatzea proposatu du, ondoren erakusketa batean azaltzeko ilustrazio-panelen bidez edo eliza barruko bisita gidatu baten bidez. Gure udalerriko ondare historiko,  artistiko  eta  arkitektonikoa  dibulgatzeko ekitaldia izango litzateke.

 

Kanpandorreko begetazioa kentzea

Orexinalek aurrekontuetarako izan duen azken ideia: San Severino elizako dorrean begetazioa dago kanpandorrearen oinarrian duela hilabete batzuetatik, Trascorralesera ematen duen zatian; hori kendu egin beharko litzateke.

 

Pumptrack Balmasedan

Amaierarako utzi dugu proiektu hau, aurkezteko modua bitxia iruditu zaigu eta. Nahiz eta adinez nagusia den balmasedar batek entregatu duen, informazio biltzeko lana adingabe batek egin du. Gainera, hilabeteak eman ditu bere proiektuaren alde egiteko sinadurak biltzen; 34 orrialde bete ditu.

Ideia Udalari kirol-espazio publiko bat eskatzea da, non haurrek eta gazteek Pumptrack egiteko aukera izango duten. Ez da beharrezkoa  etxabe  handi  bat  hura  eraikitzeko, eta aurrekontuak murritzak dira; kirola bizikletan, monopatinean, scooterrean edo patinetan praktika daiteke.

Azpimarratu nahi dugu, asko gustatu  baitzaigu mutikoaren ekimena; erakusten du guztiok har dezakegula parte gure komunitatearen hobekuntzan.