
- > Castellano
Atzo, urtarrilaren 24an, eginiko informazio-bilkuran, azken urteetan egin diren jarduketen balantzea egin zen: El Portillotik muinoaren gainalderaino bide bat irekitzea, norabide-seinaleak eta gazteluari buruzko informazio-mahai bat jartzea hiribilduan –Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak diruz lagunduta 2015etik 2017ra bitartean–, Gazteluko Muinoko Paisaiaren Ekintza Plana idaztea –Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak diruz lagunduta 2016tik 2017ra bitartean–, eta Gazteluko Muinoan auzolana egitea 2018ko irailean. Azken jarduera hori lehentasunezko gisa ezarri zen Paisaiaren Ekintza Planean (2017) eta Balmasedako herritarrek eskatuta gauzatu zen.
Gazteluko Muinoko auzolana irailaren 7, 15, 21 eta 28an egin zen, 09:00etatik 14:00etara. Guztira Balmasedako 24 pertsonak hartu zuten parte, baita udalerriko zenbait kultura-elkartek eta lorezaintza-enpresak ere. Azken horiek langileak eta makinak jarri zituzten. Herritarrek jarrera proaktiboarekin erantzun zioten deialdiari, eta hori agerian gelditu zen lanean jardun zuten lau egunetan; izan ere, giro ezin hobean aritu ziren eta emaitza bikaina izan zen.
Herritarrek Gazteluko Muinoarekiko duten konpromisoa ikusita, Udalak ildo horretan lan egiten jarraitu nahi izan du, inguruko kultura-ondarea berreskuratzeko eta ondare horri balioa emateko asmoz, eta beste diru-laguntza bat jaso du horretarako Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailetik, 2018, 2019 eta 2020. urteetarako. Oraingoan, Paisaiaren Ekintza Planean proposatutako ekintzekin jarraituz, Udalak “bizkarrezur” deiturikoa berreskuratuko du; alegia, Gaztelu kaletik muinoraino joateko bidea, zehazki, udal-aterpetxearen ondotik igarotzen diren eskailerak. Jarduketa horri esker muinorako bide historikoetako bat egokituko da, eta 2015etik 2017ra bitartean Portillotik irekitako bidearekin lotura ezarriko da. Hartara, zirkuitu zirkular bat osatuko da, hiribilduko paisaiaz eta bertako inguruneaz gozatu ahal izateko.
Proiektu hau gauzatzeko herritarren iritzia kontuan hartu nahi da. Horretarako, bertaratuei jakinarazi zitzaien herritarrek parte hartzeko hainbat bilkura egingo direla laster, eta lantalde bat osatuko dela, zeinetan politikariak, teknikariak eta herritarrak egongo baitira, denen artean hiribilduaren eta Gazteluko Muinoaren arteko lotura hobetzeko.