
- > Castellano
Iker Pascual de Zulueta Barandiaránek, Balmaseda BHI ikastetxeko ikasleak, Klima Aldaketari buruzko hurrengo hausnarketa egiten digu:
“Historia duela 5000 urte hasi bide zen, gizakia idazten eta gertakariak idazkietan gordetzen hasi zenean. Ordundik aldaketa ugari bizi izan ditu gizadiak; erresumak jaio eta desagertu egin dira, hiri erraldoiak eraiki eta ahaztu, zientzia sortu eta garatu… Beharbada historiako aldaketarik garrantzitsuena Industria Iraultza izan zen. Makinen bitartez pertsonentzako hain neketsuak ziren lanak erreztasunez egin ahal izateak guztion bizitza hobetu zuen, behargin zein ugazabenak. Erregai fosilen eskutik industriaren garapena hasi zen, gizartea eta bizi-ohiturak zeharo aldatu ziren eta jada ez zegoen atzera egiterik, inork ez bailuke bizimodu eroso berri hori alde batean utziko. Iraultzak onurak baino ez zituen ekarri, edo hori zen, bederen, orduko gizaki inuzente hark pentsatu zuena.
XVIII. mendeko erdialdetik aldaketa asko egon da, alabaina, eta konturatu da gizakia iraultzak ez zituela onurak bakarrik ekarri. Mundu honetan denak dauka prezioa, eta James Wattek erosotasun horrena zein handia zen jakin izan balu, beharbada ez luke sekula bere lurrun makina kaleratuko 1769an. Erregai fosilen errekuntzak gasak askatzen ditu atmosferara: karbono dioxidoa, ur-lurruna, metanoa, nitrogeno-oxidoak,… Eta gas horiek berotegi efektu izeneko prozesua areagotzen dute atmosferan, gure planetako gainazala berotzea, alegia. Eta tenperaturaren igoera honek beste aldaketa garrantzitsu bat ekar diezaioke gizakiari: aldaketa klimatikoa. Aldaketa honek ez du, tamalez, historian gertatu diren besteek bezainbeste onura; bai ordea, kalteak.
Badaude, aitzitik, aldaketa klimatiko hau iruzurtzat jotzen dutenak. Azken urteotan alderdi populista ezagun gehienak kokatu dira berotegi efektuko gasak murriztearen aurka, arriskurik ez dagoelakoan, edo gutxienez hori haien bozkatzaileei sinestarazi nahian. Ideologia honen defendatzaile sutsua dugu, esaterako, Donald Trump ABEtako presidentea. Baina arazoa ez dut uste Trumpek aldaketa klimatikoaren aurka dagoela esatea denik. Egon badago, Lur planeta laua dela ere dioen hainbat. Arazoa bere hitzei jarraitzen dioten milioika pertsonek sortzen dute. Baina ez pentsa nik pertsona hauek kritikatzen ditudanik, edota Trump. Izan ere, zergatik izango zen egia aldaketa klimatikoarena?
Hainbat ikerketa zientifikoek erakutsi dute atmosferako CO2 kopurua lurraren bizitza osoan zehar baino heren bat altuagoa dela, eta tenperatura jada, azken 100 urteetan 0,9º C igo egin dela planeta osoan. Antartikak urtero 127 mila milioi tona izotz galtzen ditu, eta honek jada ozeanoetako urak 3.3 mm altxatzea eragiten du igarotzen den urte bakoitzean, azken 25 urteetan baino 3 bider azkarrago. Datuak ematen jarrai ninteke, baina ez dut uste horrek zentzua duenik, nork esan baitezake datu guzti hauek benetakoak direla, eta ez dituela inork asmatu? Nork froga dezake iruzurra egia dela? Izan liteke munduko zientzialari guztiak gu engainatzen ibiltzea! Edo izan liteke ere, Amerikako Estatu Batuek erregai fosilen merkatuan hainbat interes edukitzea, herrialdearen BPGaren %7’6 suposatzen duenean… Ikaragarria da, egia esan, ikustea urte askotako lan zientifikoek, munduko gizon eta emakume prestatuen eta burargienek gauzatutakoek, gizon bakar baten hitz soil frogagabeek bezalako balioa edukitzea. Bost axola zientzia, ikerketa, matematika eta arrazoia! Otsoak Txanogorritxuri bide zuzena zein den esan eta honek itsu-itsuan jarraitu, ama zientziak irakatsitako guztia ahaztuta!
Idazlan honetan zehar aldaketei buruz aritu izan naiz; eta hori da, bidenabar, hemendik atera nahi dudan ondorio bakarra: aldatzeko daukagun beharra. Aldatu behar ditugu gure eguneroko ohiturak, ingurumenean daukaten eraginari otuta; eta baita gure herrialdeak zuzentzen dituzten gobernuak ere. Aldatu behar dugu zientzia arbuiatzeko dagoen joera hori, eta populista gezurtiek duten leku mediatikoa zientzialariei eskaini. Aldatu beharko dugu gure hezkuntza sistema, eta umeei txikitatik aldaketa klimatikoaren larritasunaz hitz egiteaz gain, hura borrokatzeko egin dezaketena eta egin behar dutena irakatsi. Aldatzen hasita gauza gehiegi aldatu beharko genituzke… Ironikoa, egia esan, aldaketa hori eskatzeko zuhaitz bat moztu behar izatea, gero idazlan iraultzaile hau gure klasean ez dagoen birziklatzeko paperontzira jaurtitzeko.
”
IKER PASCUAL DE ZULUETA BARANDIARAN