- > Castellano
Abenduaren 9tik 15era bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Elikak (Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa) Euskadin elikagaien xahuketa murriztearen aldeko kanpainan hartuko dute parte.
Mundu osoko gobernuek duten erronka nagusietako bat bilakatu da elikagaien xahuketaren aurkako borroka ; izan ere, eragina du gizartean, ingurumenean eta ekonomian. Euskadin, elikagaien xahuketari aurre egiteko jarduketa-plan bat lantzen ari da, eta euskal erakunde eta administrazioak, elikakate osoa ordezkatzen duten nekazaritzako elikagaien arloko hainbat eragile eta gizarte- eta sektore-esparruko zenbait erakunde eta elkarte ari dira egitasmo horri ekarpenak egiten. <0}
Kanpainaren xede nagusia da sustatzea eta babestea Euskadin elikagaien produkzio-, hornidura- eta kontsumo-katean xahutzen diren elikagaiak prebenitzera eta murriztera bideratutako jarduketak. Gainera, jarduketa-plan horren bitartez elikagai-jatorriko soberakinak berrerabiltzeko erraztasunak eman nahi dira, batez ere giza kontsumorako dohaintzan eman daitezen. Azkenik, elikagai-jatorriko soberakin horiek errebalorizatzea ere bilatzen da, animaliak elikatzeko ere erabiliz.
Plan horren bitartez lortu nahi da Euskadik NBk ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuei (zehazki, 12.3 GIHari) erantzutea : 2030erako erdira murriztea herritar bakoitzeko elikagaien xahuketa, txikizkako salmentari eta kontsumitzaileei dagokienez, eta elikagaien galera murriztea produkzio- eta hornidura-kateetan.
“Euskadiko elikagaien xahuketa” kanpainak herritarren kontzientziak piztu nahi ditu elikagaiak xahutzeak berekin dakarren arazoaren hedadurari dagokionez. Horregatik, elikagaien xahuketaren aurkako hamabi ekintza aurkeztu dizkigute, gure etxeetatik eta erraz-erraz ekarpenak egin diezazkiogun kanpainari.