
- > Castellano
Izena: Sheila Maíz Fernández
Adina: 26 urte
Zein diziplina zientifiko lantzen duzu? Materialen zientzia eta teknologiara aplikatutako kimika fisikoa.
Zertan egiten duzu lan / zer ikertzen duzu? Gaur egun nire doktorego-tesia amaitzen ari naiz, BCMaterials ikerketa‑zentroarekin eta UPV/EHUrekin elkarlanean. Polimero naturaletan oinarritutako material adimendunak garatzen egiten dut lan, ondoren arlo biosanitarioan aplikatzeko, zehazki, medikuntza birsortzailean aplikatzeko.
Zertarako balio du egiten duzunak? Ikerketak, maila pertsonalean, pertsona gisa hazteko balio dit. Dokumentatzea, ikastea, laborategian huts egitea, idaztea… helburuak lortu arte edozein zientzialarik egin behar duen prozesua ez da batere erraza. Edonola ere, horrek dakarren ikaskuntza guztiak eta horrek ematen dizkizun gaitasun guztiek kalkulatu ezinezkoa balioa dute. Halaber, gizarte-mailan, aurretiaz aipatu ditudan zientzia-arloetan ikertzeak lagundu egiten digu gaur egun sortzen diren beharrak asetzen. Material jasangarriak sortzen ditugu, biodegradagarriak, jendearen bizitza hobetzen dutenak edo zientzialariei in vitron sortzen horren zailak diren naturaren prozesu batzuk ulertu eta ikertzeko erreferentzia gisa balio digutenak. Horrela, egun ditugun hainbat arazo konpondu ahal izango ditugu, besteak beste, bihotz, birika edo gibela emateko prest dagoen jende gutxiago dagoela horiek behar dituztenak baino.
Zure ustez, zergatik da garrantzitsua zientzia? Zientziak, orokorrean, edozein gauzaren erantzuna du (eta kasu askotan, arazo askoren konponbidea ere bada). Inguratzen gaituen guztia azaldu dezakeen bakarra da. Esango nuke zientziak pertsona hobeak egiten gaituela, mundua hobeto ulertzen laguntzen digu, baita hobeto bizitzen ere.
Nola animatuko zenituzke belaunaldi berriak? Belaunaldi berriek arlo honetan interesa izan dezaten, garrantzitsuena da arloaren barruan gaudenok zientzia hedatzea eta zientzia ongi irakastea. Uste dut jende asko ez dela dokumentatzen pentsatzen duelako ez duela ulertuko, ez interes faltagatik. Niri ere hori gertatzen zait nire ikerketa-arlotik kanpo dauden hainbat arlotan. Horregatik iruditzen zait ezinbestekoa dela zientzia kontatzea, zientzia urrunago duen jendeari modu errazean jakinaraztea, inongo teknizismorik gabe eta guztiok ulertzeko moduan. Hori da, orokorrean, lan zailena; zientzialarien artean zientziaz hitz egitea erraza da, guztiok hizkera bera erabiltzen baitugu. Zaila da, ordea, hitzak aldatzea hizkera komuna erabiltzeko eta guztiok ulertu ahal izateko zeinen bikaina den zientzia. Horrexegatik izan nahi dut irakasle, teoria irakasteko; baina, baita belaunaldi berriei eta ez horren berriei testuliburuetan agertzen den teoria hori egunerokoan dugun errealitatearekin lotu dezakegula erakusteko ere.