
- > Castellano
Izena: Sebastián Seoane Izagirre (Txefo)
Adina: 42 urte
Zein kirol egiten duzu?: Txakurkrossa eta trail runninga.
Nolakoak izan ziren zure hastapenak?
Niri mendia izugarri gustatzen zitzaidan, mendi-ibiltaritza egiten nuen, btt apur bat… Eta, bat-batean, honako hau esaten zuen kartel bat ikusi nuen: “Txakurkrossa Sodupen”, eta pentsatu nuen: “Nola? Menditik korrika egiten duen jendea dagoela? Eta gainera txakurrarekin?”. Horrela, buelta gehiegirik eman gabe izena eman nuen, eta, lasterketa oso txarto egin genuen arren, oso ondo pasatu genuen. Hortik aurrera, txakurkross eta trail lasterketen zurrunbilo batean sartu ginen, pandemia madarikatuaren ondorioz baino ez dena eten.
Zenbat denbora eskaintzen diozu?
Egia esan, denbora asko eskaintzen diot. Ia ahal dudan guztia; benetan gogoko dudalako. 70-80 km inguru eta 2.500 m-ko desnibel positiboa, eta astean 8-10 ordu. Hala ere, indar eta bizikleta estatikoko ariketaren bat ere egiten dut.
Zein da zure kirol palmaresa?
Ba uste dut denetarik korrika egin dudala, kar-kar-kar! Txakurkrossean hainbat urtetan korrika egin dut Eukal Herriko ligan eta BKTn (Bizkaia Kopa Trail). 2016an, seigarren geratu ginen. Horretaz aparte, Errioxako ligan parte hartu dugu, Benasqueko haranean egon ginen eta Pirineo Dog Festivalen korrika egin genuen (Benasqueko mendietan egiten den etapakako lasterketa bat). Trailari dagokionez, lasterketa ugaritan parte hartu dugu: Gorbeia Zuzien (2016 eta 2017), Ehunmilaken Marimurumendia (2019), Enkarterri xtrem maratoia (2019), Apuko Igoera (2017, 2018 eta 2019), Galdames Mendi Bira (2018), Mello Saria (2016 eta 2018; lasterketa horretan bikoteka korrika egin genuen eta bigarren geratu ginen) eta Hiru Aundiak (2018). Horrez gain, maitasun askorekin gogoratzen ditut orain egiten ez diren beste batzuk, hala nola Galarleiza (2016) eta Karraderan (2016). Ezin dut ahaztu nire gogokoena: Rekord Kolitza (2017 eta 2019). Hala ere, zaila da guztiez oroitzea, asko direlako…

Pandemiak eraginik izan al du egiten duzun kirolean?
Egia esan, bai. Zoritzarrez, uste dut guztioi eragin digula; izan ere, hasi zenetik ez da lehiaketarik egon edo oso gutxi egin dira. Hala ere, pazientzia izan behar dugu eta espero dezagun arin pasatzea. Momentuz, entrenatzen jarraitu eta mendiaz gozatu ahal dugu, asteburuan korrika egitearen presioa izan barik.
Anekdota dibertigarririk?
Asko daude, kar-kar-kar! Dena den, bat gogoratzen dut. Otxarango lasterketa batean 25 kiloko zaku bat eramanda igo behar zen “Martintxu larrea”. Ez nuen araudia irakurri eta uste nuen igoera besterik ez zela, baina jaitsiera ere egin behar zen. Beraz, igotzean, goian geratu nintzen jendearekin solasean, beranduago konturatu nintzen arte.
Kirol hau gomendatuko zenuke? Zergatik?
Bai, jakina: jende nagusiari gomendatuko nioke haien osasun fisiko eta mentala hobetuko dituelako, baina batez ere txikienei, beste kirol batzuk probatu ditzaten, denok ezagutzen ditugun kirolez gain sekulako kirolak daudelako. Hemen, esaterako, ez dago ordezkorik, aurkakoak aurreratzen zaituenean animatu egiten zaitu, denok laguntzen dugu elkar beharrezkoa bada, ikusleen artean ez dago borrokarik, gure mendiak ezagutzen dituzu eta lasterketa bukatzen denean denok batera joaten gara bazkaltzera, pro direnak zein haien lehenengo lasterketa egin dutenak ere bai. Gaztetan ikasteko balio onak direla uste dut.
Betetzeko ametsik edo lortzeko helbururik?
Zegama-Aizkorri egin nahi nuke. Oraintxe bertan daukadan arantza da, lasterketak irabaztea zaila delako. Oso jende ona dago, kar-kar-kar.
