
- > Castellano
2016ko uztailean, Udalak proiektu handinahi bat sustatu zuen Winoa (lehen Talleres Fabio Murga izandakoa) Balmasedan gera zedin. Ordutik egindako bidea luzea izan da. Proiektuaren tamaina zela eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta multinazionalaren beraren laguntza behar izan zen abian jartzeko. Hiru erakunde horiek egin zuten hitzarmenari esker, proiektu estrategiko hori gauzatu ahal izan da eta urriaren 3an eginiko inaugurazioan izan genuen ezagutzeko aukera.
Udalak helburu bakarra izan du: gure hiribilduan enpleguari eustea. Alabaina, emaitza espero baino hobea izan da eta Balmasedak harro esan dezake altzairuzko granaila ekoizteko instalazio modernoena duela Winoa taldearen barruan, baita ingurumena gehien errespetatzen duena ere.
Inaugurazio-ekitaldian izan ziren, Álvaro Parro alkateaz gain, Joseba Zorrilla alkate ohia (proiektuaren sustatzailea), Iñigo Urkullu lehendakaria, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako sailburu Arantxa Tapia eta Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, besteak beste. Bertan izan ziren, halaber, Luis Resusta, Winoa Ibéricaren zuzendari nagusia, eta Pierre Escolier, Winoa taldeko CEOa.
Etorkizunera begirako hitzak
Agintariek bisita bat egin zuten instalazioak eta bertan egiten den lana ikusteko, eta ondoren hitzaldien garaia iritsi zen.
Luis Resustak eskerrak eman zizkien erakundeei emandako laguntzarengatik eta erronka bota zion lehendakariari, gure industriaren lehiakortasuna hobetuko duen argindar-faktura bat lortzeko ahal duen guztia egin dezan.
Pierre Escolierrek gaztelania ezin hobean hitz egin zuen eta, eskerrak eman ondoren, harrotasunez azpimarratu zuen zer modernoa den instalazioa, zeina taldearen inbertsio nagusia izan baita azken 5 urteetan. Adierazi zuen, halaber, ingurumen-jasangarritasunari garrantzi handia eman zaiola prozesuetan, eta adeitasunez hitz egin zien langileei; izan ere, haren hitzetan, langileek eta Euskal Herriak enpresaren balio korporatiboak partekatzen dituzte: fidagarritasuna, adorea eta elkartasuna. Ildo horretan, aipatzekoa da zero istripuko tasa lortzeko helburua ezarri dela.
Unai Rementeriaren diskurtsoak bi hitz izan zituen ardatz: “hemen gagoz”. Bi hitz horiekin erreferentzia egin nahi izan zion honaino heltzeko egin den lan guztiari. Bere ustez, enplegua da garrantzitsuena, eta inaugurazio honekin beste pauso bat eman da langabeziaren kontra. Dena den, esan zuen oraindik ere bidea dagoela egiteko eta egingo dugula.
Azkenik, Iñigo Urkulluk gogorarazi zuen inbertsio eta jarduera berri bakoitza esanguratsua dela, garatzen eta konfiantza izaten laguntzen duelako, eta onartu egin zuen Resustak tarifa elektrikoaren inguruan botatako erronka. Nabarmendu zuen garrantzitsua dela administrazio publikoek eta sektore pribatuak elkarrekin lan egitea honelako emaitzak lortzeko, eta iragarri zuen laster egoera okerrenean dauden eskualdeetako industria berraktibatzeko zenbait jarduketa aurkeztuko dituztela; horien xedea izango da, hain zuzen, jarduera ekonomikoa eta enplegua dinamizatzea.
Winoa
20 milioi baino gehiagoko inbertsioa egin da instalazio hau eraikitzeko. Arla industrialde berrian dago eta 30.000 metro koadroko azalera dauka. Elkarren artean konektatutako lau nabe dira, eta, horri esker, ekoizpen-prozesuen banaketa eta komunikazioa hobea da. Nabeak 2016ko ekainean hasi ziren eraikitzen eta maiatzetik daude martxan. Elementu hauek barne hartzen dituzte, besteak beste: indukzio-labeak, bahetze-estazioa, biltegiratzeko eta paketatzeko uhal garraiatzaileak, etab. Horrez gain, instalazio osagarrietan, uraren kontrolerako eta airearen tratamendurako teknologiarik onena dago erabilgarri. Instalazioa erabat automatizatuta dago eta kontrol zentralizatua du; hartara, kalitate goreneko altzairuzko urratzaileak ekoizten direla bermatzen da, modu eraginkor eta malguan.
Alabaina, alderdirik garrantzitsuena hau izan da: prozesuetan zehar jasangarria izango den leku bat sortzea. Indarreko legeriak ezartzen duenetik harago doa, iturri birziklatuetatik lortutako altzairua ere erabiltzen baita instalazioan.
Winoa taldeak lau kontinentetan ditu instalazioak eta urratzaileak egiten dituen mundu-mailako talde garrantzitsuena da. Granaila da metalezko gainazalak garbitzeko, hobetzeko eta estaldurak kentzeko gehien erabiltzen den aleko material urratzailea. Airbus, Toyota edo Arcelor dira Winoaren bezeroetako batzuk.