
- > Castellano
Balmasedako Udalak komunikabide asko ditu hiribilduko herritarrengana hurbiltzeko. Hileko udal-aldizkaria daukagu, udal-webgunea, hainbat kontu
Facebook eta Twitterren, Instagram, Whatsapp bidezko mezularitza-zerbitzua, panel elektronikoak etab. Era berean, noski, edozein zalantza galdetzeko, telefonoz deitzeko nahiz pertsona guztiei eskaintzen zaien zerbitzura joateko aukera dago.
Hala ere, gaur egun administrazioaren eta herritarren arteko komunikazioa garrantzi handiko zerbait bilakatzen ari da une zehatz batzuetan. Hori da hondamendi naturalen kasua, esate baterako.
Aurreko uholdeetan behar hori oso nabaria egin zen. Teknologia berriek komunikazioa hobetzeko sorta zabala eskaintzen dute; horrenbestez, Udalak erabaki zuen unean bertan gertatzen denaren berri emateko modurik bizkor eta eraginkorrena Udalak Facebooken duen kontu ofiziala zela.
Alabaina zer gertatzen da Facebook deritzon sarean konturik ez daukaten pertsonekin? Pertsona askok sare sozial horren aldeko iritziak badituzte ere, badaude munduko erraldoi horrekin zerikusirik izan nahi ez duten beste batzuk.
Hortaz, hori aintzat hartuz eta arazo horren inguruan beste udalerri batzuek aurkitu dituzten konponbideak egiaztatu ondoren, udaleko bloga sortzea pentsatu zuten. Gaur egungo udal-webgunea baino askoz arinagoa eta dinamikoagoa izan behar zuen. Esan beharra dago erakundearen esparruan sortzen diren albiste guztien berri izateko sareko tokia webgunea izaten jarraituko dela, baina, hala ere, bitarteko hori ez da nahikoa praktikoa larrialdi-egoerei aurre egiteko.
Eta beste plataforma bat sortuko dugunez gero, zergatik ez dugu zerbait dinamiko eta bizia egiten, gainerako udal-komunikabideen ez bezalakoak diren edukiekin? Ideiari buelta asko eman ostean, adierazitako proiektu zoragarria hasi genuen, kalean bertan gure Balmaseda maitearen irudia izan nahi duena, herritarrek kontatzen duten irudia, hain zuzen ere.
Gauzak horrela, zure aurrean duzun blogean aipatutako “Abisuak” atalaz gain, beste batzuk egongo dira eskuragarri, besteak beste: “Agenda”; “Zerbitzuak”, erakunde-esparruko gaiak jorratuko dituena; “Balmaseda sentitu”, bizimoduei, kronikei eta abarrei buruz aritzeko; “Hiribildu ederra”, historia zein tradizioari lotutako gaiak proposatuko dituena; eta “Azalpen biografikoak”, elkarrizketak argitaratzeko, gure artean giza kapital izugarria baitaukagu.
Udalak berak bloga mantentzeko ardura bere gain hartuko badu ere, asmo nagusia herritarrek orri birtualak elikatzea da. Parte hartzeko joera horri hasiera emate aldera, blogaren izena herri-inkesta batetik sortuko da; eta inkesta horren emaitzak urriaren 23an ezagutuko ditugu. Dena aurreikusi bezala egiten bada, lerro hauek irakurtzen dituzunerako izen bat izango dugu jada. Datozen egunetan batzar bat antolatuko da, proiektu horretan parte hartzeko interesa daukaten pertsona nahiz erakunde guztiek nola parte hartu jakin dezaten. Erabilera-jarraibideak prest ditugunean egingo da.
Horrekin guztiarekin, geure burua San Severinori gomendatzen diogu, bera omentzen duen jaiegunean inauguratuko dugun udaleko blogak aurrera egin dezan eta gure hiribilduarentzat zein hura ezagutu nahi duten pertsona guztientzat erreferentzia-puntu bilakatu dadin.