
- > Castellano
Otsailaren 21ean, Balmasedako emakumeok Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko bosgarren ekintzan parte hartu genuen. Horretarako, “Zubi Zaharren Gainetik, Bide Berriak” lelopean zapi bat amankomunean egin genuen, martxoaren 6an Irun eta Hendaia arteko zubian/mugan V. ekintza amaitutzat eman zuen ekitaldian parte hartzeko. Puntu honetan, azken asteetan herri eta kolektibo ezberdinek egindako zapi guztiak batu ziren arrakala sinboliko bat sortzeko.
Mundu martxaren abiapuntua 1995ean Quebecen antolatu zen ekimen bat izan zen; 800 emakumek 200 kilometro egin zituzten pobreziaren feminizazioa salatzeko. Hortik sortu zen lehen Mundu Martxa, duela 21 urte, bost kontinenteetako emakumeak batu zituena diskriminazioei aurre egiteko eta agenda neoliberala salatzeko. Mobilizazioa martxoaren 8an hasi zen, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, eta New Yorken amaitu zen urriaren 17an, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Geroago, 2004an, “Gizateriarentzat Emakumeen Gutuna” sortu zen, Euskal Herrian “Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutunaren” hazia supoastu zuena.
V. ekintza honetan transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusgarri egin eta salatu nahi izan ditugu, sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren tresna diren aldetik, migratzaileen bizitza bortxatzen ari baitira hemen eta jatorrizko lurraldeetan. Bestalde, Europaren ongizatearen oinarri diren pribilegioak identifikatzera eta horri buruz hausnartzera gonbidatzen dugu, baita sortuko diren arrakalei so eginez, gure alternatiba indibidual zein kolektiboen bidez sisteman pitzadurak zabaltzera ere.
Mariorratz Talde Feministatik funtsezkoa iruditzen zaigu Balmasedako emakumeen eta elkarteen arteko sareak ehuntzen jarraitzea, Balmasedako pentsionistak, Nos Unimos, Balmasedako Saharar Komunitatea eta Errotarri Kultur Elkartearekin, besteak beste, egin dugun bezala. Betiere, problematika desberdinei modu kolektiboan eta bizitzak eta zaintzak erdigunean jartzeko xedearekin. Horregatik, martxoaren 8ko mobilizazioan proiektu berri bati ekin genion, baratza amankomun bat; egitasmo honen bitartez agroekologiaren hazia ernaltzeko eta elkarri laguntzeko sare bat elikatzeko asmoz, zaintzak erdigunean jarriz.
Testua: Mariorratz Talde Feminista
Argazkia: Patricia Pérez