
- > Castellano
Ideia zabaldua da Karmen jaiak txikiak direla, parte-hartze txikiarekin, programa eskasarekin eta beheranzko joerarekin. Egia da 80ko eta 90eko hamarkadetako jai-giroarekin alderatuta behera egin dutela. Jaietako zinegotzi gisa, jende askok aipatzen dit hori kalean, eta, egun hauetan dauden programa eta jarduerak aztertu ondoren, zuekin partekatu nahi ditudan ondorio batzuk atera ditut:
– Futbol-txapelketa Mendian, txalupa-lasterketa, frontenis-txapelketa frontoian eta nerabe eta gazteentzako barrakak: ba al dago 80ko eta 90eko kutsu handiagorik duen ezer?
–“La Basu” abeslariaren kontzertua, rap-artista hausle eta feminista, hip-hop estiloko bost artista onenen artean kokatzen dutena. Eta, ondoren, berbena, noski!
– Ostiralean, habanerak plazan, Balmasedan ohitura eta ibilbide handia duen ekitaldi bat, ikusle leialenentzat.
– Tailerrak eta jolasak, apar-festa, puzgarriak eta uretako jokoak txikientzat.
– Musika Kalean! Jatorrak Txistulariak, sardina-jana, erromeria, fanfarrea, txosna, euskal berbenak, kale-antzerkiak…
– Lehiaketa gastronomikoak: aurten Tortilla eta Marmitakoaren 22. Lehiaketa egingo dugu, eta, horrekin batera, putxeraren erabilera sustatu nahi dugu (elementu oso balmasedarra) gazteen artean eta txokoetan marmitakoa egiteko, sariak handituz eta kirolarekin eta osasunarekin lotuz. Lehiaketan 60 marmitako aurkezten badira 40en ordez, esan nahiko du pertsona gehiago bilduko direla mahaiaren inguruan, eta, noski, ondoren giro politagoa egongo dela.
– Patatak eta antxoak dastatu ahal izango dira, gure sustrai balmasedarrei omenaldia eginez.
– Nesken esku-pilotako partidua, eta, larunbatean, Camino Enkartado proba, zeinetan Enkarterriko 10 udalerriak BTT bizikletan igaroko baitituzte parte-hartzaileek, ibilbide mota horren balioa azpimarratu eta ezagutarazteko (parte har dezakezue).
– Igandean Enkarterriko produktuen azoka bat antolatuko da San Severino plazan. Azoka plazan, ez al da sekulakoa?
Programa eta aurrekontuaren irismena ikusita, zer da benetan aldatu dena? Agian gaur egun hemen bizi garenok ez ditugu aurrekoek zituzten kezka berak, mugikortasun handia dugu eta oporrak eta aisialdia bezalako elementuak funtsezko bihurtu dira gure agendan. Ezin ditugu jai batzuk antolatu “kanpoko jendea etortzeko”, eta ezin dugu lehiatu Barakaldo edo Santurtziko Karmen jaien aurka, sekulako aurrekontuak baitituzte, eta are gutxiago BBK LIVE jaialdi handiaren kontra. Beraz, kontuan hartu beharko da nerabe eta heldu askok alde egingo dutela egun horietan, edota plan hobeak topatuko dituztela. Argi dagoena da jaiak ondo diseinatu eta antolatu direla, jendea egun horietan Balmasedan gelditzeko eta egun zoragarriez gozatzeko lagunekin, familiarekin eta bizilagunekin batera. Ziur nago gauza asko hobetu daitezkeela eta hobetu behar direla. Nik, hemendik, jendea animatzen dut txapelketetan, lehiaketa gastronomikoetan, jardueretan eta herriko bizitzan parte hartzera.
Horrekin batera, esan beharra dago gobernu-talde berriko kideok, xehetasun eta ikuspegi batzuk kenduta, ez dugula eskua gehiegi sartu aurtengo programan, zeina aurreko gobernuak, Jai-Batzordeak eta Kultura saileko langileek landu baitzuten.
Batzuetan gauzak jakinarazi egin behar dira, eta zergatik egin diren esan.
Egun hauetan askotan egokitu zait gai honi buruz hitz egitea, eta, horregatik, hausnarketa hau partekatu nahi izan dut blog honetan.
Hori esanda, zuek jaietan gozatzea eta parte hartzea espero dut!
Ander Rivero Vélez
Kultura, Jai eta Herritarren Partaidetzarako Zinegotzia
ander.rivero@balmaseda.eus