
- > Castellano
Tamalez, emakumeenganako indarkeria gizarte guztietan existitzen da oraindik, baita gurean ere. Gaitz sozial hau etengabe ari da emakumeak erailtzen, eta, hainbat ikerketaren arabera, belaunaldi berriei ere eragiten die kultura matxista honek.
Jarraitu egin behar dugu kontzientziazio- eta sentsibilizazio-lanarekin, baina azaroaren 25ean bereziki ikusarazi behar da gaia, egun horretan ospatzen baita Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna. Gure hiribilduan, Berdintasun Arloa egunero aritzen da ildo honetan aktiboki lanean, eta, azaroa iristen denean, berriro ateratzen du kalera puntu lila (borroka honen sinboloa), biziki gogoratu dezagun emakume eta familia askok jasaten duten drama hau. Udalak gonbidapena egiten dizu proposatutako jardueretan parte har dezazun eta arazo sozial honi EZETZ esan diezaiozun (ikusi egitaraua). Azken batean, denon arazoa da.
Baina zer da genero-indarkeria? Zer egin daiteke genero-indarkeria prebenitzeko? Eta, halakoak gertatzen direnean, zer egin dezakegu? Balmasedako Ertzain-etxean gai honetan kualifikazioa duten langileekin hitz egin dugu, eta galdera horiek argitu dizkigute, egunero kalean bertan lan egiten duten agenteen ikuspegitik. Eskerrak eman nahi dizkiegu gure galderak erantzuteko prest agertzeagatik eta lan hau egiteagatik, ez baita batere erraza, psikologikoki ere eragina izan dezake eta.
Zer egin genero-indarkeria kasu bat (GI) gertatuz gero?
Erreakzionatu; ez gelditu inoiz erasoa jasaten duen pertsona baten gisara edo ikusle modura GI kasu bat gertatuz gero.
Biktima izanez gero, jakinarazi gertatutakoa langile kualifikatuei, osasun-langileei, gizarte-langileei edo polizia-agenteei, ertzainei edo udaltzainei. Gure kasuan, Balmasedako Ertzain-etxera jo daiteke urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan. Horrez gain, 112 eta 016 telefono-zenbakiak erabil daitezke.
IG egoeraren baten berri izanez gero, jakinarazi dauden datuak gai horretan lan egiten duten langileei, esaterako ertzainei. Diskrezioz edo formalki konta daiteke, baina inoiz ez da gertaera hori ezkutatu behar, isiltasun horrek konplize bihurtzen baitu bat, eta erasotzailearen inpunitatea sustatzen baitu.
Nola identifika daitezke lehen zantzuak erasoa gertatu baino lehen? Nola prebenitu? Nola jakin dezakegu emakume bat genero-indarkeria jasaten ari dela eraso fisikorik jasaten ez badu?
Eraso fisikoaren aurretik, mespretxuak daude, kontrola oro har areagotu egiten da (telefonoa, lagunak, janzkera, dirua, etab.), irainak eta mehatxuak egon ohi dira, bai eta xantaia emozionala edo hertsapena ere seme-alabekin. Emakumeen duintasunari kalte egiten zaio, pixkanaka gero eta gehiago; hori agerian jartzen dute Ertzaintzan jasotzen ditugun salaketek.
Garrantzitsua da batez ere prebentzio orokorra, hau da, GIren fenomenoaren gaineko sentsibilitatea sustatzea, baina hori ez da nahikoa gerta daitekeen kasu bakoitzera iristeko. Hori dela eta, jarduerak egiten dira haur eta gazteekin, GI eragiten duten jarrerak identifika ditzaten eta horiek gauzatu ez ditzaten. Ertzaintzan talde kalteberenekin konektatzen saiatzen gara; bereziki, euren adina eta kultura dela-eta GI kasuak jasateko joera dutenekin.
Ertzaintzan hainbat “adierazle” ditugu GI kasua zenbaterainoko larria den jakiteko; izan ere, ez gara eraso fisikoez bakarrik ari, askotan okerragoak dira tratu txar psikologikoak. “Zantzuak” biktimen jarreran nabari daitezke, bai eta erasotzaileenean ere. Emakumeek gaiaz hitz egitea saihesten dutenean edo beren arazoak ezkutatzen dituztenean, gertaerak edo jasotzen duten tratua ikusita edo lagunek galdetzen dietenean. Gizonek harrokeriaz erakusten dutenean beren boterea eta dominazioa. Garrantzitsua da Balmasedako Ertzain-etxearekin harremanetan jartzea eta egoera azaltzea, egoera larriago batera iritsi baino lehen esku har dezagun.
Behin horrelako egoera batean gaudenean, zer egiten du Ertzaintzak?
Biktima artatzen dugu, Ertzaintzak esku hartzeko duen metodoari jarraituz (metodoa unibertsitatearekin eta beste profesional batzuekin egiaztatuta dago). Lehentasuna biktima babestea eta haren autoestimua indartzea da, eta, horrez gain, legezko prozeduraren eta eskura dituen baliabideen berri ematen zaio (larrialdiko telefonoa, harrera-etxea, etab.). Askotan, biktimak nahastuta, urduri eta kezkatuta egoten dira; pazientzia izan behar da, garrantzitsuena pausoa eman dutela baita. Horren ondoren datoz hurrengo pausoak: biktima abokatuen doako laguntza zerbitzuarekin harremanetan jartzea, edo kasua epailearen edo gizarte-zerbitzuen esku uztea.
Zer-nolako jarraipena egiten da?
Ertzaintzan, genero-indarkerian espezializaturiko agenteak ditugu. Euren arduraldi osoan, agenteok indarkeriarekin lotutako pertsonei laguntzen diete, biktimei bereziki, kalitate egiaztatua duen eta kontrolatuta dagoen jardunbide bati jarraituz.
Biktimek laguntzen al dute prozesuan, edo gertakariak igaro ondoren damutu eta bigarren aukera eman ohi dute?
Biktima gehienek lagundu egiten dute, hala erabakita, salaketarekin eta prozesu judizialarekin aurrera egiteko asmoz. Biktima gutxi batzuek egiten dute atzera prozesuan, “beste” aukera bat emanez edo eman gabe, batek edo bestek harremana hausten duelako eta gaiari buruz ez duelako ezer gehiago jakin nahi. Garrantzitsuena biktimek genero-indarkeriarekin haustea da, euren burua emakume osotzat hartzea eta euren kabuz erabakitzea.
Tartean adingabeak daudenean, prozedura bereziren bati jarraitzen zaio?
Prozedura “berezi” bati jarraitu baino gehiago, modu egokian esku hartzen da egoeraren arabera, adingabeen eskubideak tartean direlako. Horrez gain, ez da gauza bera egun edo hilabete gutxi batzuk dituzten haurtxoak izatea edo 15 eta 17 urte bitarteko gazteak izatea (izan ere, denetik aurkitzen dugu). Batez ere, aintzat hartzen dugu ea haiek ere biktimizatuak izan diren (etxeko indarkeria), eta haiei laguntzeko eskura ditugun baliabideak aktibatzen ditugu.