
- > Castellano
Balmasedako erromesen aterpetxeetan uztailean eta abuztuko lehen hamabostaldian 2018 osoan baino % 165 gau gehiago igaro ziren. Ahaztutako Bideko ibiltarien zenbatekoa oraindik neurrizkoa den arren, uda-sasoiko bisitariek eta azken ekitaldietako goranzko joerak argi uzten dute suspertu egin dela Santiagorako mendiko ibilbide zaharra. Mendi-bideak, Burgosko Las Merindades eskualdean sartu aurretik, Enkarterri gurutzatzen du. Mendeetan zehar Santiagora joateko erromes bide nagusia izan zen.
Ikastola Zaharra eta La Garbea aterpetxeetan igarotako gauez gain, Balmasedako turismo-bulegoak aurreko urteko erromes kopuru bikoitza erregistratu du. “Zifra horiek ikusita, esan dezakegu Santiagora joateko mendiko bide zaharra suspertzen ari dela, zeina bidegabe ahaztua izan baita orain arte”, azaldu du Ángela Eguíak, Enkarturreko presidenteak. Bideak bidaiariari natura-, paisaia- eta kultura-ondare handia eskaintzen dio, zeinetan dorretxeak, indianoen etxe handiak eta ermita eta eliza ugari nabarmentzen baitira.
Enkarturren nahia da antzinako Done Jakue bideari zor zaion aitortza ematea; egiteko horretan dihardute, halaber, beste lurralde batzuetako elkarteek, erromesei seinale, azpiegitura eta zerbitzu egokiak bermatu asmoz. Enkarterriko turismoa sustatzeko erakundeak eskuliburu bat emango du argitara datozen hilabeteetan, zeinak Bilbotik irtenda egin daitezkeen ibilbidearen etapak jasoko baititu, eta eskualdean zeharreko ibilbidea xehetasunez azaldu. Argitalpena euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez zabalduko da, eta ondarearen eta turismoaren aldetik interesgarriak diren Alonsotegi, Gueñes, Zalla eta Balmasedako tokiak izango ditu hizpide; gainera, informazio erabilgarri ugari eskainiko du.
Enkarturrek aurreikusi du berrehun erromes inguruk hartuko dutela ostatu Balmasedako aterpetxeetan irailaren 15era bitartean. Beraz, kopurua nabarmen hazi da iaztik, orduan hogei erromes inguru ibili baitziren.